Julen Murgoitio
ZORROZTARRIA

Kontu-aroa, kontuz!

Aiete hamar urte. Bidean mugarria jarri eta denbora pasatuta beharrezkoa da une batez gelditu eta iragana gerora ekartzea, egindako bideak eman duena gaurkoaren argira jartzeko. Azken finean mugarriak ez dira muga, norabide-seinale baino, dinamika baten uneko adierazle. Mugarriak ez dira fosil, ez eta museoko pieza ere. Ausardia dira, aurrera egiteko bultzada. Zer esanik ez, mugarri jatorrez ari naiz.

Total, pandemia-aroa atzean uzten ari garelakoan, hainbat arlotan ari gara iragana orainera ekartzen, batzuetan modu berdinean ekarri ere. Hortaz, normaltasun berria eta normalkeria zaharra, nahasian. Tasunen aldetik, kasurako, feriak berreskuratzen ari dira, plaza berriro hartzen. Horra Baionako xingar-feria. “Xixkorra”, “txantxiorra”, “gantxirria”, “txitxarra”… den-denak “gantxigorra” hitzaren sinonimoak! Hitz-dibertsitatea, zero kilometroko hizkera, galtzen ari garen hitz-ondarea. Koplariak zioenez, «ez gara hain onak benetan!». Badugu zertan gogoeta egin, udazkeneko udako ikastaroetan ere.

Aurrekontu-aroa oraingoa, urtaroari dagokionez. Han-hemengo ganberetan kontuak kontu. Kontuz gero, batzuk kontulari! Zer parte izango da aurrekontu eta zer atzekontu? Sekula ez dut kontuon hizkera ulertu. Kontuak atera! Beti esaten digute diru-partiden gehiengoa gastu sozialera bideratuta daudela. Hara, gainerakoa ez al da soziala? Zur eta lur geratzen naiz sozialaren adiera transgeniko horrekin. Are gehiago, zergatik ez da gastu soziala inbertsio modura hartzen? Eta inbertsio batzuk gastu? Hitzontzikeria.

Ama, ama! Zenbat gauza argitu behar! Bai, hala da, baina ez da argitzeko unea, argindarraren garestia dela eta. Bestelako urdeak orain gogoan. Mafia gizatiarragoak ezagutu ditut nik Siziliako ezkutuko eskualdeetan. Amen! Zenbat txip aldatu behar, ama! Kolpea gero! Horretarako ere ez da unea, eskasia dela eta. Kawen!