Alex ROMAGUERA
AIETEKO ADIERAZPENAREN 10. URTEURRENA

GIZARTE ZIBILA, PROZESUAREN GAKOA

AURREKO ASTEAN DONOSTIAN ETA BAIONAN EGINDAKO JARDUNALDIEN JARRAIPEN GISA, II WORLD PEACE CONGRESS DELAKOAN AIETEREN ONDAREA AZTERTU ZUTEN ATZO BARTZELONAN. BERTAN BILDU ZIREN ADITUEN USTEZ, BIZIKIDETZA LANTZEKO ORDUAN EUSKAL HERRIKO GIZARTE ZIBILAK IZANDAKO INDARRA AZPIMARRAGARRIA DA.

Aieteko Adierazpenetik eta ondorengo ETAren adierazpenetik hamar urte igaro dira. Prozesuan aritu direnek atzo Bartzelonan azaldu zutenez, Konferentzia lan luze baten amaiera izan zen, baita Euskal Herriarentzat aukera berrien abiapuntua ere. «Berezitasun gisa, munduko beste zenbait testuinguruetan ez bezala, Euskal Herriko prozesuak gizarte zibila buru izan zuen, bai konferentziaren aurretik, baita ondorengo gertaeretan ere». Horrela mintzatu zen atzo Paul Rios Bartzelonako mahai inguruan.

Lokarri Aieteko Konferentziaren antolatzaile izan zen, besteak beste, eta garai hartan Rios bertako ordezkaria zen. Atzo gogorarazi zuenez, gizarte eragileek alde bakarreko prozesu bat abiatzeko baldintzak sortu zituzten. Prozesu horri esker, eta gainditu gabe dauden erronkak gutxietsi gabe, Euskal Herria berreraiki eta adiskidetzeko bidea zabaldu da. «Gure esperientzia arrakastatsua da», nabarmendu zuen Riosek, «erakusten baitu Estatuaren pasibotasunaren aurrean, liskarren aurrean, gizarte zibila gai dela alternatibak planteatzeko, garatzeko eta arazoei irtenbideak topatzeko».

Conciliation Resource fundazioko sortzailea den Andy Carlek Aietek izandako «balio eraldatzailea» azpimarratu zuen. Irlandako bake prozesuaren arkitekto Alec Reid apaizak, Adolfo Perez Esquivel Bakearen Nobel saridun argentinarrak edo Carter Fundazioak aurreko urteetan egin zuten lan diskretua gogoratu zuten Bartzelonan. Ostean, Brian Currin buru zuen Nazioarteko Kontaktu Taldearen sorrera etorri zen. Talde horren bitartekaritza lanak, besteak beste, ETAren armagabetzean lagundu zuen 2017ra arte.

Carlen ustez, Euskal Herriak erakusten du, elkarlanean arituta, bakerako eta gatazken konponbide demokratikorako itxaropenak zabaltzen dituzten aldaketak lor daitezkeela.

Eragindako kaltea

Aieteri buruzko atzoko ekimena II. Bakearen Aldeko Mundu Biltzarraren testuinguruan egin zen. Institut Catala Internacional perl la Pau (ICIP) delakoa da Bartzelonako kongresuaren antolatzaileetako bat. Bertako zuzendaria Kristian Herbolzheimer da, hain zuzen ere, euskal prozesuan konprometitua egon den aditua.

Agus Hernanek bake prozesutik inhibitzea erabakitzen duen estatu bat izatearen «anomalia» azpimarratu zuen. Horrez gain, Foro Sozialeko bozeramaileak eragile sozial, politiko eta kultural askok indarkeriaren amaiera lortzeko eta gaur egun gatazkaren inguruan hitz egitea ahalbidetzeko izandako konpromisoa nabarmendu zuen. Bere ustez, «behetik hasita eta ez goitik inposatuta, mikroakordioak lortu dira, etxea oinarrietatik eraiki ahal izateko, eta horrek eragindako kalteaz eta errepresaliatuen etorkizunaz hitz egiteko aukera ematen du».

Egunotako jardunaldietan izan diren ekarpenak kontuan hartuta, tentuz, baina aurrerapausoak eman direla baieztatu zuen Hernanek. Besteak beste, Eneko Anduezaren eta Rufi Etxeberriaren adierazpenak ekarri zituen gogora. Adiskidetzeari begira, eragindako kaltea eta torturatuen auziak atera ziren mahai gainera, eta, Hernanek azaldu zuenez, torturatuek esaten diote honezkero ez dutela justiziarik espero, baina «egia jakin nahi» dutela. Ildo horretatik, Estatuak eragindako kaltea onartzea urrats handia litzatekeela nabarmendu zuen.

«Memoria historikoa eta bizikidetza planak bezalako funtsezko gaietara hurbiltzen ari gara, baina lurralde batzuek beste batzuek baino azkarrago egiten dute alor horietan aurrera». Foro Sozialaren ordezkariak uste du dinamika horretan hiru autobide daudela, EAEko, Nafarroako eta Ipar Euskal Herriko erritmoei erreferentzia eginez. Hirurak norabide berean doazen arren, narratibei eta topaguneen sorrerari dagokienez, «bakoitzak bere erritmoa» baitu.

Baketik elkarteko Maider Marañak gogoeta hori partekatu zuen. Bere ustez, Aietek Euskal Herriaren etorkizunerako «ezinbesteko mugarria» ezarri zuen, baina aurrerantzean lan handia geratzen da eremu guztietan. Marañak azpimarratu zuenez, «udalerrietan ereiten ari garena beste eremu batzuetara proiektatu behar dugu, benetan bizikidetza eta bake iraunkorraren oinarriak ezarri nahi baditugu».

Aieteko bide orriaren alde

EH Bildu eta EH Bairen izenean, Maddalen Iriartek eta Anita Lopepek manifestua aurkeztu zuten atzo Irunen. Aietek markatutako bide orriarekiko adostasuna berretsi eta konpondu gabe dauden auziei irtenbidea emateko konpromisoa hartu zuten.Idoia ZABALETA | FOKU