Mikel Aramendi
Kazetaria
JOPUNTUA

Zergatik ote da pentsaezina hori gurean?

Gai naizen arreta eta pulamentu apurrarekin irakurri dut “Coronavirus: lessons learned to date. Sixth Report of the Health and Social Care Committee and Third Report of the Science and Technology Committee of Session 2021–22”. Eta hasi naiz ulertzen hain erruz erabili ohi dugun «porrot kolektiboa» esapide horrek zer adieraz dezakeen topikoa ez denean.

Ez da horren zaila irakurgaia. Edonoren eskueran dago dokumentua Komunen Ganberaren webgunean. Eta ez da bereziki luzea: 66.000 hitz inguru guztira, oharrak barne. Lagungarria da haren eraketa ezin ordenatuagoa: 405 puntu zenbakidun, sei atal nagusitan banatuta (pandemiarako prestakuntza, itxialdiak eta gizarte urruntzea, testak eta aztarnen jarraipena, gizarte arreta, gizatalde arriskudunak, txertoak), bakoitza bere ondorio-puntuekin; gehi atariko laburbilduma eta konklusio eta gomendioen azken atala. Hauen irakurketa asegarria egingo zaio ur handitan sartu nahi ez duenari. Hizkera argi bezain neurtuan idatzita dago guztia. Zerbait sakondu nahi duenak, ia seiehun oharretan datozen iturri eta jarraibideetan aurkituko du nondik ekin.

Osorik nahiz zatika irakurri ondoren besterik pentsa baliteke ere, Westminsterreko Parlamentuko bi batzorde txit ofizial horiek (seina tory, launa laborista, SNPko kide bana) hilabete luzez egindako lanketaren emaitza da. Koronabirusari Erresuma Batuak emandako erantzunaren benetako autopsia. Errudunik izendatu gabe baina erantzukizun bat bera ere bazterretsi gabe. Helburua: hurrengorako ikastea. Diagnosia: Erresuma Batuak inoiz jasandako porrot kolektibo handiena izan dela. Agian horregatik izan du txostenak bertako hedabideetan ere, aurkeztu zenetik, hain oihartzun mugatua. Esaten duen guztia oso-oso hurbilekoa egiten zaidan arren, ez naiz gai iruzkin kritiko txukun bat egiteko. Britainiarra ez naizelako edo, orokortasun filosofikoetatik haragoko ezer gutxi bururatzen zait. Bai, ordea, galdera bat: zergatik ote da pentsaezina horrelako zerbait gurean?