Jon ORMAZABAL
PILOTA

Joseba Ezkurdiak ez zuen abiadura moteltzeko inolako asmorik

Partida elektrikoan, Erik Jakak, berriz ere lehiakor,asko estutu zuen, baina arbizuarrak partidarikgaldu ez duen bakarra izaten jarraitzen du. Gaur jakingo du, Tolosan, datorren igandean Ogetan norizango duen aurkari: Altuna edo Bengoetxea VI.a.

EZKURDIA 22

ERIK JAKA 20


Bezperan Labriteko aulkitxotik Peio Etxeberriari eskatu zion huraxe, «sentsazio onekin amaitzea», lortu zuen Joseba Ezkurdiak atzo, erdi hutsik, pandemiako garai beltzenetakoa ematen zuen Astelenan, Erik Jakari 22-20 irabazita. Hori bai, partida elektriko batean, txapelketan partidarik galdu gabe jarraitzen duen pilotari bakarra izateko ikaragarri sufritu behar izan zuen Lau eta Erdiko honetan bere partidarik onena jokatu duen lizartzarraren aurka.

Sailkapenean ez zegoen aparteko ezer jokoan, Ezkurdiak aurretik bazekien igandean Ogetan arituko dela, gaur arratsaldean Tolosako Altuna eta Bengoetxearen arteko demako irabazlearen aurka –Peio Etxeberria eta Lasoren artekoa larunbatean jokatuko da Labriten– eta Erik Jaka aurreko jardunalditik zegoen lehiaketatik kanpo, baina bietako inor ez zegoen aurkariari ezer barkatzeko; Ezkurdiak bereziki, ez zuen udazken hasiera honetan hartutako abiadura inola ere moteldu nahi eta aukerarik txikienarekin aurrera pausoa eman eta erasora pasa ziren bata zein bestea.

Gauzak horrela, erritmo oso bizian, partida sakeak oso baldintzatua egon zen, takadak handiak izan ziren eta bi aldeetara. Hasieratik Joseba Ezkurdiak sasoi izugarrian dagoela berretsi zuen, saketik hasita pilotari abiadura handia eman eta angeluak ondo bilatuta.

Lehen ihesaldia

Erasoan oso eraginkor, azkar samar partida bere aldera eramana zuela zirudien 10-2 aurreratu zenean, baina arbizuarrak sakez egindako falta batetik hasita, Erik Jaka partidan sartu zen. Mikel Urrutikoetxearen aurkako partida amaiera hartan bezala, atzera begiratu gabe erasora jo zuen lizartzarrak eta orain arte txapelketa guztian inork ez bezala estutu zuen Ezkurdia (11-11), sakearekin asmatu eta bere jokoa egiteko modua aurkitzen duenean oso arriskutsua dela berretsiz.

Gipuzkoarraren zoritxarrerako, atzo ere sakez egindako falta batek eten zuen bere bolada eta Ezkurdiak beste takada batekin erantzun zion (16-11). Erasoak defentsaren oso gainetik izan ziren, dena joan zen abiada bizian eta horrexegatik akats bakoitza garesti ordaindu zuten.

Gauzak horrela, partida hogeina berdindu eta bere kontrolpean zuela zirudienean, lau eta erditik atzera botatako pilota batek Ezkurdiari eman zion azken sakea eta honek ez zuen barkatu; hala, finalerdietara partidarik galdu gabe helduko den pilotari bakarra da.

Dario aurrera

Hamasei tanto eginda nahikoa zuen, baina Dariok Egigureni 22-15 irabaziz egin zuen aurrera eta, ezusteko handirik ezean, Bakaikoaren aurka jokatuko du Promozio mailako finalerdia Logroñon. Bestean Zabala eta Zubizarreta ariko dira.

Euskal Selekzioak bost domina Franekerren

Helburu handiekin ekin zion Euskal Selekzioak Franekerreko junior mailako Europako Txapelketari eta pozik itzultzeko moduan dira; batez ere, neskek emandako mailarekin. Orotara bost domina eskuratu dituzte joko zuzeneko CIJB erakundeak antolatutako txapelketan, bi urre, zilar bat eta beste bi brontze.

Bi urreak wall ball modalitatean heldu dira; hau da, pareta baten aurka eta txaparik eta ezker paretarik gabe jokatzen den joko motan eta biak ere neskek atera dituzte, 19 eta 17 urtez azpikoetan. Zilarra ere neskek lortu dute; kasu honetan joko internazionalean lortutakoa izan da.

Mutilen brontzeetako bat ere joko internazionalean –bote luzearen antzekoa– lortu da eta bestea wall ballean, 17 urtez azpikoetan. GARA