GARA
IRUÑEA

Bertsolari Txapelketa Nagusia, 2022an eta Iruñean

2022ko udazkenean egingo da Bertsolari Txapelketa Nagusiaren 18. edizioa, Bertsozale Elkarteak jakinarazi duenez. Getxon izango da lehen hitzordua, datorren urteko irailaren 24an, eta azken saioa, finala, Nafarroako hiriburuan izango da, Nafarroa Arena aretoan.

Koronabirusaren pandemiak eragindako egoera arindu denez, lurraldeetako bertso txapelketak ahalik eta normaltasun handienarekin egin ahal izango direla aurreikusten du Bertsozale Elkarteak eta, horrenbestez, Bertsolari Txapelketa Nagusiaren 18. edizioa aurrera eramatea erabaki du.

Ohar bidez jakinarazi duenez, txapelketa 2022ko udazkenean egingo da. Getxon abiatuko da irailaren 24an eta Iruñean bukatuko da abenduaren 18an, Nafarroa Arenan. 

Azaldu dutenez, Bertsolari Txapelketa Nagusia ibiltaria da eta Bertsozale Elkartearen helburua «Euskal Herrian zehar, herrialdez herrialde, herriz herri, eragitea eta bertsolaritza sustatzea da». «Ondorioak nabariak izan ohi dira: zaletasuna areagotzen da, bertso-eskolentzat bizigarri dira eta ilusio piztaile da tokian tokiko bertsogintzan».

Hurrengoa edizioa, Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak, 1987. urtean sortu zenetik, antolatzen duen hamargarren Bertsolari Txapelketa Nagusia izango da.

Txapelketako finalak Donostian errotuta egotetik (1935-2001), beste lurralde batean eragiteko asmoz, finala Barakaldoko Bilbao Exhibition Centren egitea erabaki zuen Bertsozale Elkarteak 2005.urtean. Orain, berriz, Nafarroara egingo du jauzia.

Lurraldetasunaren irizpidea burura eramatearekin bat, eta Nafarroa Arenak Bertsolari Txapelketa Nagusiaren finalerako beharrezkoak diren azpiegiturak eskaintzen dituela aztertu ondoren, finala bertan egiteko erabakia hartu du.

Finala Iruñean izateak Iruñerrian eragitea du asmoetako bat, elkartearen esanetan. «Ez da asmo isolatua, Nafarroan bertsolaritza sustatzeko ahalegin handia egin du Nafarroako Bertsozale Elkarteak 1984. urtetik. Horren ondorio da, besteak beste, Nafarroako Gobernuak 2018an bertsolaritza Kultur Intereseko Ondasun izendatu izana».

Datorren urtekoa Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak, 1987an sortu zenetik, antolatzen duen Bertsolari Txapelketa Nagusiaren hamargarren edizioa izango da. 

Plazaren egoera

Bertsozale Elkarteko Lehendakaritza Taldeko kide Gontzal Agotek bertso-plazaren egoerari buruz hitz egin zuen atzo; batez ere, izurriak utzi duen panoramari erreparatuz. «Ez da garai bateko egoera berbera. Urte eta erdi luze joan da, asko sufritu du bertsolaritzak, asko sufritu du plazak. Poliki-poliki ari da bere onera etortzen. Kostatzen ari zaio bereziki bertsolaritza mota jakin bati. Gauza batzuk hala nola mantendu izan dira, aire zabaleko emanaldi eta jaialdiak, eta ea orain gauden egoera honetan aukerarik dagoen eguneroko, asteroko bertsolaritza horri heltzeko eta lehen plazak zuen dinamismo hori berreskuratzeko. Bertsozale Elkartea hasieratik jardun da horretan lanean, plaza ez galtzeko eta nola berreskuratu lanean, egoerari egokitu nahian. Eta orain ere horretan ari gara, bai Elkartetik eta bai Lankutik. Bertso eskolek ere lan handia egin dute plaza hori ez galtzeko eta hura berreskuratzeko. Buruan duguna da egoera normalduko dela, eta plazak ere hartuko du behar duen tokia, bertsolaritzaren hauspoa hori baita».

Apurka badatorren normaltasun horren erakusgarri dira, bere hitzetan, momentu honetan jokatzen ari diren lurraldeetako hiru txapelketak, Bizkai, Nafarroa eta Ipar Euskal Herrikoa, hain zuzen, eta «pozgarritzat» jo du egoera.