Ane URKIRI ANSOLA
ESKUBALOIA

Elxek bigarren zatian gogor estutu arren, berriro lider da Bera Bera

BERA BERA 30

ELX 20


Gauzak konplikatzen direnean zailtasunei ondoen aurre egiten dien talde horietarikoa da Bera Bera. Hori erakutsi du behintzat azken neurketetan. Porriñon guztia galduta zuela zirudien eta berdinketa lortu zuen, Parisen lau goleko aldea irauli zuen eta atzo Elx estutzen ari zenean baliabide guztiak aterata eta garaipena lortzen jakin zuen. Jada bideratuta zuen garaipena, bide batez esateko.

Atsedenaldira markagailua 14-10 alde zuela iritsi zen Bera Bera, baina bigarren zatiaren hasieran Rocamoraren aginduetara dagoen taldeak bere bertsiorik onena eman zuen defentsan. Horri Pamela Rodriguesen hiru gelditu gehitu eta Bera Beraren erasoa erabat nahastea lortu zuen Elxek. Hala, 1-5eko partzialarekin markagailuan hurbildu eta neurketa berdintzera ere iritsi zen (16-16). Erabat gogortu zen norgehiagoka eta Gascara hurbildu ziren zaleek ere sekulako haserrea erakutsi zuten.

Neurketaren zati erabakigarrienean –azken hamabost minutuetan–, baina, Alba Menendez eta Cristina Polonio (8 gol) agertu ziren. Horri esker, Bera Bera gai izan zen irabazi eta berriz ere Ligako lidergora itzultzeko.