Xole ARAMENDI ALKORTA
OTXANDIO
Elkarrizketa
AINHOA LUZ
EUSKALTZALEEN TOPAGUNEKO KULTURA TEKNIKARIA

«Gure hizkuntza eta kulturari hegoak jantzi dizkiogu etxe gehiagotara heltzeko»

Udagoieneko Ostera Hegan ate joka dator. Azaroaren 12tik aurrera hiru kontzertuz osatutako zikloa egingo da. Iazko formulari jarraiki, online izango dira saioak, Euskal Herriko historian esanguratsuak diren guneetan. Mikel Urdangarin, Xamanak eta Olatz Salvador izango dira protagonista.

Izurri betean, joan den udaberrian hartu behar izan zuen erabakia eta iazko eredu digitalaren aldeko apustua egin du Topaguneak aurten ere, Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzarekin. Alegia, zaleek pantailaren bidez gozatuko dute Udagoieneko Ostera musika zikloaz. «Mimo handiz egindako egitasmoa da eta kalitatea bermatze aldera online formatuaren aldeko apustua egin da. Publikorik gabe izango dira saioak», kontatu du Ainhoa Luz Euskaltzaleen Topaguneko kultura teknikariak.

2020an bezala, hegan dator musika zikloa, unean uneko baldintzetara egokituz. «Emanaldien grabaketa egin zenean oraindik covidak eragindako murrizketa dezente zeuden. Udagoieneko Ostera ‘Hegan’ egitearen kontzeptua aukera bezala azpimarratu nahiko genuke programa honetan, hegan doan proiektu bat askeagoa baita eta mundu berriak deskubritzeko aukera handiagoak baititu: gure hizkuntza eta kulturari hegoak jantzi dizkiogu etxe gehiagotara heltzeko eta bide berriak topatzeko», azaldu du.

Bada aldaketarik. Izan ere, 2020an euskal nortasunaren ikur diren hiru leku izan ziren hautatutako kokaguneak –La Encartada Fabrika Museoa, Muskizeko El Pobal burdinola eta Bermeoko Arrantzaleen Museoa– eta oraingoan aire librean grabatu dira emanaldiak. Otxandion, Barakaldon eta Ondarroan, hain zuzen ere. «Aurreko urtean ondare historikoaren irakurketa egin genuen eta aurten memoriaren gaia jorratu dugu. Iaz aukeratutako tokiek bazuten xarma, aurten xarma hori historiak dauka, bertan izandako gertaerek; oroimen historiko eta kolektiboa izango ditugu bidelagun», adierazi du.

Tamalez, 36ko gerrari lotutako guneak dira aurten aukeratutakoak. «Gernika eta Durango asko aipatzen dira, baina Otxandio hamahiru aldiz bonbardatu zuten oso epe motzean, Barakaldo ere hamar aldiz... Ondarroaren kasuan, Saturraranen emakumeen kartzela egon zen: Francok ireki zuen estatuko handiena; 3.000-4.000 emakume pasatu ziren sei urteko tarte horretan eta gerra guztietan bezala, emakume izateagatik eta gerragatik bortizkeria bikoitza pairatu zuten», gogoratu du.

Gure historia transmititu beharra dagoela nabarmendu du. «Lokalizazio bakoitza gertakari bati lotuta egongo da eta horien berri jasoko du hartzaileak, nolabait, Bizkaiko memoria historiko eta kolektiboaz zipriztinduz. Herri horietan gertatu zena gogora ekarri nahi dugu herritarrek gertakariak presente izan ditzaten; ez daitezela geratu mahai azpian», azpimarratu du.

«Iraganeko pasadizo lazgarrietara hegan egitera gonbidatzen zaitu Udagoieneko Osterak, atzo gertatukoa ez dezagun ez gaur ez bihar ahantzi», egin du gonbidapena Topaguneak.

Hala, Otxandion Mikel Urdangarinek abestuko du, Barakaldon Xamanak taldeak eta Ondarroa eta Saturraran arteko pasealekuan Olatz Salvadorrek emango du kontzertua. «Azken horretan emakume bat izan zedin nahi genuen», argitu du.

Hiru profil desberdin gonbidatu dituzte: ibilbide luzeko musikaria, Mikel Urdangarin; sortzaile berria, Olatz Salbador; eta herriarekin eta euskararekin lotura berezia duena, Xamanak.

Jatorri eta ibilbide oso ezberdineko musikariak izanik, «publiko ezberdina dutenez ikus-entzule gehiagorengana heltzeko bidea zabaltzen digute», azaldu du.

Azaroaren 12tik 14ra ikusi eta entzun ahal izango da Mikel Urdangarinen kontzertua web orrian (www.topagunea.eus). Azaroaren 19tik 21era jarriko da online Xamanak taldearen saioa eta azkenik, azaroaren 26tik 28ra Olatz Salvadorren emanaldia.

Euskaltzaleen Topaguneak hogei urtetik gora daramatza Udagoieneko Ostera egitasmoa antolatzen eta iaz, oso garai zailetan egindako edizio bereziak, oso harrera ona izan zuen. Aurten ere «prestatutako eskaintzaz gozatzeko» gonbita zabaldu du Luzek. «Herritarrak euskal kulturara, euskarara hurbiltzeko tresna baliagarria da musika».

Kulturgintzak gurean garai zailak bizi dituen uneotan, Topaguneak kulturaren alde apustu egiten jarraitzen du. «Euskal Herriko kulturgintzaren jarduera osoa baldintzatu du pandemiak eta espero dugu ahalik eta azkarren ekitaldietan presentzialtasuna bermatzea. Kulturak kalean egon behar du», gaineratu du Topaguneko euskara teknikariak.

Aurrera begira, desio bat: «Berriz ere jendeak goza eta bizi dezala euskal kultura, horretarako, prestigioa duten proposamenak eskainiz eta behar duen tokia emanez euskarari eta kulturari».