GARA
DONOSTIA

Jokoaren erregulazioa gogortuko duela iragarri du Lakuak

Lakuako Gobernuak 2016. urteko Jokoaren Erregelamendu Orokorra aldatuko du datorren hiruhilekoan, joko lokalen eta ikastetxeen arteko distantzia murrizteko, establezimenduen arteko gutxieneko metroak zehazteko, lokalen kopurua murrizteko eta sarbidea kontrolatzeko. Publizitatea ere mugatuko da, eta datozen hiru urteetan ez da lizentzia berririk emango.

Hala baieztatu zuen atzo EAEko Josu Erkoreka lehendakariorde eta Segurtasun sailburuak, Jonatan Garcia Rabadan EHUko Soziologia eta Gizarte Lan Saileko irakasle laguntzaile eta ikertzailearekin batera Jokoaren Euskal Behatokiaren sorreraren hirugarren urteurrena eta Ausazko Jokorik Gabeko Eguna ospatzeko egindako agerraldian. Aurreikusitako erreformak ezarriko du ezingo dela lokalik edo joko makinarik egon ikastetxeetatik 150 metro baino gutxiagora, eta establezimenduen artean gutxienez 500 metroko distantzia egon beharko dela.

Era berean, Gobernuak mugatu egingo du joko enpresen publizitatea, eta mota horretako lokal guztietarako nahitaezko sarrera kontrola ezarriko du, baita haien ostalaritza eremuetarako ere. Gainera, datozen hiru urteetan ez da lizentzia berririk emango ostalaritza lokaletan eta joko aretoetan makinak instalatzeko. Denbora horretan gertatzen diren baimen edo lizentzia baja guztiak behin betikoak izango dira.

Erkorekak berretsi egin zuen Gobernuak joko problematiko eta patologikoaren aurkako borrokan duen konpromisoa, eta araudia gogortzea ekarriko duen erreformak helburu batzuk dituela azaldu zuen. Horien artean, joko problematikoaren prebentzioa bermatzea eta adingabeak eta kolektibo kalteberak babestea.