Arnaitz GORRITI
PILOTA - LAU ETA ERDIKO TXAPELKETA

Final tankerako finalerdia Ogetan

Altuna III.ak eta Ezkurdiak hamar bider jokatu dute elkarren kontra lau eta erdian, hiru aldiz txapelketako finalean. Hargatik, ez dagosekreturik igandeko lehiari begira. Ezkurdiak aurtengo txapelketan oraindik ez du galdu eta Jokin Altunak beti irabazi ditu finalerdiak.

Aspe pilota enpresak atzo bere webgunean nabarmendu zuenez, igandean Jokin Altunak eta Joseba Ezkurdiak Gasteizko Ogetan jokatuko duten Lau eta Erdiko Txapelketako bigarren finalerdia «final aurreratua» da. Zer esango zuen, bada, Eibarko enpresak aurrelari biak «bereak» badira? Alabaina, dagoeneko bi pilotariok Lau eta Erdiko Txapelketako finalean hiru aldiz elkar ikusi badute, derrigor eman behar zaio igandeko finalerdiari final kutsua.

Material aukeraketa izan zen atzo eta, bezperan Unai Lasorekin eta Peio Etxeberriarekin gertatu zen antzera, pilotez oso gainetik soilik mintzatu ziren bi protagonistak. «Iganderako oraindik asko falta da, baina noiz iritsiko zain nago», onartu zuen egungo txapeldun Jokin Altunak. «Entrenamenduetan eta asko ari naiz gozatzen; gaur bertan gustura geratu naiz entrenamenduan eta pilotak ere onak izan dira, beste partidetakoak baino pilota lasaixeagoak ote diren ustea dut», berretsi zuen Amezketako aurrelariak.

«Ez dakit nire momenturik onena den, baina ongi nago: eskuz, fisikoz, jokoz... Finalerdi zaila daukagu aurrean, baina, era berean, oso polita. Gogotsu ea bertatik zer ateratzen den ikusteko», erantzun zuen bere aldetik Joseba Ezkurdiak.

Hamar aldiz jokatu dute bi pilotariek elkarren aurka lau eta erdiko «kaiolaren» barruan eta, horrenbestez, ez dago sekretu handirik bien artean. Biek ala biek badakite Ezkurdia jotzaileago dela Altuna III.a baino, baina horrek ez du esan nahi gipuzkoarra ez denik kapaz Arbizukoari 22 tanto egiteko.

«Bengoetxearen aurka ongi eta lasai jokatu nuen, buruan ongi sartuta dudalako nornahiren aurka galtzea badudala, baina, era berean, nire lana behar bezala eginez gero, nornahiri irabaz diezaiokedala», azpimarratu zuen Altunak. Bere hitzetan, «ez nintzen arduratu ligaxkako bigarren partida galdu nuenean», alegia, Ezkurdia partidarik galdu gabe iristeak ere ez duela batere estutzen.

«Badakit Josebak nola jokatzen duen eta bere aurka jokatzea beti da zaila. Josebak azkenengo partida galdu izan balu ere arriskutsua berdin-berdin izango zatekeen eta, azkenean, aurreko partidan zer egin izan den begiratzeak ez du ezertarako balio», bota zuen lasai asko Amezketakoak.

«Nire eskuan dagoena egin»

Altunak Lau eta Erdiko Txapelketako azken sei finalak jokatu ditu eta, profesionaletara iritsi denetik, buruz buru jokatu dituen finalerdi guztiak irabazi ditu orain arte. Bezperako partidak ezer askorik ez badu balio igandera begira, zer esan datu estatistikoei buruz –«estatistikak eta bikinia» gurutzatzen zituen Boza Maljkovicen analogia erabili beharrik gabe–?

Ildo horretan, «partida zaila izango dela» garbi adierazi zuen Joseba Ezkurdiak. Arbizukoak «ligaxkako hiru partidetan asko gozatu» duela onartu zuen, eta igandean «helburu horrekin» kantxaratuko dela argi du. «Irabazteko nire eskuan dagoen guztia egingo dut; nire ematen saiatuko naiz eta hori da dena, eta Jokin hobea bada, zorionak eman», azaldu zuen Lau eta Erdiko Txapelketako 2018ko eta 2019ko irabazleak. «Ea behintzat frontoira datozenentzat eta etxetik ikusten dutenentzat partida eder bat egiten dugun», amaitu zuen, bide batez.