Asier AIESTARAN
PILOTA

Promozioko Lau eta Erdiko finala Altsasun jokatuko da igandean

Joanes Bakaikoa eta Iraitz Zubizarreta elkarren aurka neurtuko dituen Promozioko Lau eta Erdiko Txapelketaren finala datorren igandean jokatuko da Altsasuko Burunda pilotalekuan.

Aspe eta Baiko enpresak finalerdietan zer gertatu zain egon dira finalaren kokalekua zehazteko. Kontuan izan behar da bi errioxar zeudela finalerdietan, Dario eta Zabala, eta bazirudien biak edo bietakoren bat finalean sartuz gero Logroñoko Adarraga izan zitekeela finalarentzat aukeratutako pilotalekua.

Baina azkenean biak finaletik kanpo geratu dira eta sailkatu direnak Bakaikoa etxarriarra eta Zubizarreta ataundarra izan dira. Hori ikusita, enpresek Altsasuren aldeko hautua egin dute finala hartzeko, kokaleku bikaina bi herrietako zaleak erraz gerturatu daitezen.

Ohikoa Promozioko finala larunbatean jokatzea izaten den arren, kasu honetan larunbatean Labriten maila nagusiko hirugarren posturako lehia jokatuko da, Joseba Ezkurdia eta Peio Etxeberriaren arteko dema, alegia.