Erakusketa bat, memoriaren «bide luze eta malkartsuaren» metafora bihurtuta
Atzoko aurkezpenean afera leuntzeko egindako ahaleginak ahalegin, Gipuzkoako Foru Aldundiak euskal kulturaren eta ETAren arteko harremanaren inguruan Koldo Mitxelenan antolatu duen erakusketan parte hartzeko jasotako ezezkoak dira memoriaren eta errelatoaren «bide luze eta malkartsuaren» adierazgarririk egokienak. Hilaren 26ra arte egongo da ikusgai Koldo Mitxelenan «terrorismoari aurre egin zion kulturari» buruzko erakusketa.

Ez da beti gertatzen, baina, batzuetan, gehiago esaten dute erakusketa baten inguruan falta direnek, jasotako ezezkoek eta egitasmoa aurrera ateratzeko zailtasunek, bertan erakutsitakoak baino. Eta ematen du halaxe gertatu dela Gipuzkoako Aldundiak antolatuta Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean jarri duten eta atzo aurkeztu zuten erakusketarekin. “Bide luze eta malkartsua” lelopean, ETAren jardunaren «deslegitimazioan» euskal kulturak jokatutako papera aztertzen duen erakusketaren aurkezpenean, egitasmoa aurrera ateratzea «oso zaila» izan dela aitortu zuen Harkaitz Millan Gipuzkoako Kulturako foru diputatuak.
Oztopo nagusia egile eskubideei loturiko kudeaketak izan direla argudiatu bazuten ere, parte hartzeari uko egin diotenen kasuak ere aipatu zituen Millanek, erakusketa antolatzeko zailtasunen berri ematean. ETAren jarduna amaitu eta hamar urtera halako erakusketa bat antolatzea «errazagoa» izango zela uste zuela ere onartu zuen. Millanek berak eta aurkezpenean izan ziren erakusketaren bi komisarioek, Aritz Gorrotxategik eta Javier Baldak (hirugarrenak, Felipe Juaristik, ez zuen aurkezpenean parte hartu), ez zuten jasotako ezezkoetan sakondu nahi izan, kazetari batek galdetuta ere. Hala, kontua egile eskubideak kudeatzeak dakartzan zailtasunetara mugatu zuten.
Xehetasunik eman ez bazuten ere, agerian gelditu zen erakusketan parte hartu nahi izan ez duten sortzaileak badaudela. Eta, zein da, bada, erakusketaren muina? ETAren jardunaren aurrean euskal kultura «isilik» egon zela dioen “mantra” horrekin haustea, eta sortzaileak jada desagertutako erakunde armatuaren «deslegitimazioan» parte aktibo izan zirela erakustea, izan zinematik, literaturatik, musikatik, bertsolaritzatik edo beste arlo batzuetatik. Hainbat eremu eta diziplinatako sortzaileen lanetatik intelektual nabarmenek herritar mugimenduetan izandako parte hartzera bitarteko ibilbidea jorratzen du, hain zuzen, erakusketak.
«Berunezko urteetan, kulturgintzak paper garrantzitsua izan zuen ETAren terrorismoaren porrotean eta demokraziaren eta askatasunaren defentsan, eta ezinbestekoa da hori ezagutzea eta baloratzea», esan zuen, ildo horretan, Millanek.
«Bakerako oztopoak»
Memoriaren inguruan eratutako beste hainbat ekimenekin gertatzen den bezala, baina, hutsune garrantzitsua sumatzen zaio erakusketari: ETArena azken hamarkadetan Euskal Herrian izan den indarkeria ia bakar gisa agertzea, alegia. Jurramendiko gertaerak, Martxoaren 3ko sarraskia, 1978ko sanferminetan jazotakoa edota Lasa eta Zabalaren kasuak aipatzen dira bai, baina denak «bakerako oztopoak» aztertzen dituen atalaren barruan, nahaspilaturik, eta hor ere, ETAren «atentaturik latzenak» eta Jose Antonio Ortega Lararen bahiketa sartu dituzte.
Nolanahi ere, antolatzaileek nabarmendu zuten erakusketa ez dela «historiko-dokumentala»; «kultura-ariketa sortzailea da berez, originala, behin-behinekoa eta eraikitzen ari dena», azaldu zuen Millanek. Gaineratu zuenez, honakoa «oroitzapenez egindako eta oroitzapenerako» erakusketa da. Bistan da, baina, ez dela denon oroitzapenekin eta denon oroitzapenerako egin.
Antzerkia eta mahai-inguruak
Erakusketaren osagarri gisa, Antzoki Zaharrean Maria San Miguelen “Rescoldos de paz y violencia” antzerki trilogiaren emanaldiak eskainiko dituzte azaroaren 8an, 9an eta 10ean. Irunen eta Eibarren ere eskainiko dute ziklo hori, eta trilogiako lan bakoitza ondoz ondoko hiru jardunalditan antzeztuko da aipatutako udalerri bakoitzean eta ikasleei zuzendutako saioak ere eskainiko dira.
Antzezlanen ondoren, kulturako, politikako eta komunikabideetako pertsona ezagunekin mahai-inguruak izango dira. Jose Luis Rodriguez Zapatero, Jesus Eguiguren, Luis Rodriguez Aizpeolea, Josu Elespe, Mari Carmen Hernandez, Sara Buesa eta Ines Nuñezek hartuko dute parte, Eva Domaika, Jose Gabriel Mugica eta Xabier Garcia Ramsdem kazetarien gidaritzapean.

«La única certeza es que el realismo de Trump nos lleva a la destrucción»

Cuatro grandes sombras oscurecen aún más la inoculación de vacunas caducadas

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra

Pradales rubricó el PGOU por el que se imputa a la exalcaldesa de Zaldibar
