Julen MURGOITIO
ZORROZTARRIA

Konpromiso isuriak airera!

Klimaren etorkizunaren larria dugu han-hemengo gizarteen gaurko ispilu. Eta, itxura batean sikiera, ez dugu gustukoa ispiluak erakutsia. Hortaz, batzuen ustean ispilua bera da arazoa, aldatu beharrekoa, indarrean den sistema bere horretan utzita, prefosta! edo, prefostia! Tira, harira! COP delako gailurretan biltzen dira agintariak aldian-aldian, adiskidantzan hitzontzi. Eta egunotan Eskoziako hirikoa hogeita seigarrena da… zenbat gehiago ez ote dira beharko sen kolektiboa bizi gaituen inertziari nagusitu arte! Baina, nago ni, gailurrerako bidea dela gailurra gozamen egin dezakeena. Are gehiago, aldapan ahalegindu barik ez dago gailurra egiterik. COPetan, ostera, gailurrean jartzen dute kanpamendu nagusia… eta, jakina, ordoki errealera jaisteko oxigenoa behar dute…

Karbonoak hil egiten gaitu; halaxe entzun dut egunotan. Baina hiltzen gaituen karbonoa lurpean sakon egon da milioika urtez, bake hutsean, batzuek erauzi eta hamarkada gutxitan itsasoz, airez eta lurrez ere demasaz erabilita atmosferara isuri dugun arte. Horrelaxe agintzen du gaurko sistemak, benetako agintari! Hortaz, hormetan irakurria: aldatu dezagun sistema klima aldatu ez dadin. Bada hori! Baina erantzukizuna guztiona izanda ere guztion ardurak ez dira berdinak, aldeak izan badira. Agintariak eta aginduak. COPeko gailurrean ahobizi asko, belarriprest gutxi. Hitzezko konpromiso isuri asko airera, karbonoen pare!

Han-hemen, hitzak. Aurrekontuen kostera. Errealismoa eskatzen dute Lakuatik euren kontuei amen esateko, men egiteko. Zein dute horiek errealismo erreferente? Gernikako Estatutua ote? Ko-gobernantza akaso? AHTko epeak agian? Kolpea gero azken honena, hainbeste tunel-zubibide zaharkiturekin azkenean muturretan behin-behineko geltokiak! Iraunkorrik ez horien ispiluan! Errealismo-isuriak airera!