Gaur hasiko da Janssenen errefortzu dosia jartzeko kanpaina EAEn
Gotzone Sagardui EAEko Osasun sailburuak atzo iragarri zuenez, EAEn Janssen txertoa hartuta duten 99.000 bizilagunek errefortzuko dosia jasotzeko kanpainia hasiko da gaur. Beraz, Janssen hartuta dutenek bigarren dosirako hitzordua eskatu dezakete jada Osakidetzan.
EAEko Osasun sailburuak, Gotzone Sagarduik, atzo iragarri zuen Osakidetzak gaur hasiko duela Janssen txertoaren errefortzuko dosia, bigarrena, jartzeko kanpaina. Hori horrela, jada txerto hau jaso duten EAEko 99.000 bizilagunak daude deituta kanpainan parte hartzeko. «Astelehenean hasiko gara hitzorduak hartzeko dei eta baliabideak martxan ipintzen», azaldu zuen Sagarduik.
Horrez gain, sailburuak esan zuen, oraingoz, EAEko egoera «hobeto» dagoela baina ez dela nahi izango luketen bezain ona, iragan den astean positiboen langa eguneko 200 kasu berriren gainetik egon baitzen.
Ospitaleratzeei dagokienez, sailburuak jakinarazi zuen 72 pertsona inguru daudela ospitaleratuta eta beste 27 ZIUetan. Hala ere, Sagarduik gauzak «osotasunean» ikusi behar direla nabarmendu zuen: «Kutsatze bakoitzak bizi bat jartzen du arriskuan, egia da. Baina gure ospitaleratze sistemaren datuak mantendu egiten dira».
Hala ere, Sagarduik ohartarazi zuen arestikoa ez dela «datu on bat». Beraz, Gabonetarako EAEko osasun egoera «ez bada hobetzen» abisatu zuen ez dutela «baztertzen» neurri murriztaileak berrezartzea: «Egoerak gorantza egiten badu, neurriak beste modu batekoak izan beharko dira. Gogorragoak izan beharko dira».
Duela hilabete eman zuten osasun larrialdia amaitutzat EAEn. Momentu hartan, 100.000 biztanleko intzidentzia metatua 56 kasukoa zen. Orain, datu hori ia bikoitza da. Lehen arretako kontsultei dagokienez, Sagarduik ez zuen hitzordu presentzialak berrabiarazteko datarik iragarri: «Hori gizartean egiten ari garen ibilbidearekin batera joango da. Bide horretan gaude eta lortuko dugu». Ildo beretik, txertatzearen garrantzian jarri zuen enfasia sailburuak: «Gogoratu dezagun pandemian jarraitzen dugula. Txertatu ez bazara, lau aldiz aukera gehiago dituzu ospitaleratua izateko».
Eskolen kasuan, ostera, Sagarduik 5 eta 12 urte bitarteko umeen txertaketa kanpaina hasten denean eskoletako kutsakortasun tasan hoberanzko «aldaketa nabaria» egongo dela baieztatu zuen. Une honetan 25 gela daude itxita covid-19agatik EAEn, iazko data berdinean, aldiz, 150 ziren itxitako gelak.
Nafarroan, larunbatean 82 kasu antzeman zituzten 1.302 froga egin ostean. Sei pertsona daude ZIU gelan eta heriotza baten berri eman zuten.

«A esta generación le toca poner las bases del Estado vasco»

«Quiero que no siga explotando a la gente inmigrante»

«La única certeza es que el realismo de Trump nos lleva a la destrucción»

Cuatro grandes sombras oscurecen aún más la inoculación de vacunas caducadas
