GARA
DONOSTIA

20-29 urtekoen txertaketa, motelago EAEn: %78,4k jaso du bigarren dosia

EAEko 12 urtetik gorako 1.783.231 hiritarrek osatu dute covid-19aren aurkako txertaketa pauta, horretarako beharrezko dosiak jasota; hau da, talde horretako biztanleen %90,1k. Gainera, %91,1ek gutxienez dosi bat jaso du, eta %3,0k ez du txertorik hartu kontraindikazioengatik edo uko egin diolako, Osasun Sailak atzo jakinarazi zuenez.

Adinari dagokionez, ezberdintasun handiak ikusten dira Lakuak argitaratu duen txostenean. Hala, txertoaren dosi bat gutxienez jaso dute EAEko 100 urtetik gorako hiritarren %95,8k; 90-99 urtekoen %93,4k; 80-89 urtekoen %97,3k; 70-79 urtekoen %95,9k; 60-69 urtekoen %94,5ek; 50-59 urtekoen %94,9k, eta 40-49 urtekoen %91,4k.

Aldiz, 30-39 urtekoen artean %84,1ek jaso dute txertoaren lehengo dosia, eta 20-29 urtekoen artean %80,4k. Adin tarte horietan jarraibide osoa osatu duten pertsonen tasa %82,3koa da 30-39 urtekoen artean, eta %78,4koa 20-29 urtekoen artean. 16-19 urtekoen %86,9k eta 12-15 urtekoen %86,7k osatu dute pauta.

Intzidentzia-tasa metatua 100.000 biztanleko 109 kasuan dago 14 egunean, duela zazpi egun baino 23 puntu gorago eta pandemiaren adierazle guztiak igo dira, ZIUko ospitalizazioak izan ezik, 26tik 24ra jaitsi baitira.