Baldintzapeko askatasuna lortu du Olga Comesek, 13 urte kartzelan igaro ondoren
Jada hirugarren graduan zegoen Olga Comes Arambillet Iruñeko presoak ez du kartzelara itzuli beharko, baldintzapeko askatasuna eskuratu duelako, Etxeratek atzo jakinarazi zuenez. Espainiako Espetxe Erakundeak aurtengo ekainean hirugarren gradua eman zionean onartu zuenez, zigorraren hiru laurdenak aspaldi beteak zituen, 2019. urtetik hain zuzen ere.
Comesek 53 urte ditu eta Iruñeko Donibane auzokoa da. 2008an atxilotu zuten Dijonen eta ETAko kidea izateagatik zigortu zuen Parisko Auzitegi Bereziak. Behin Estatu frantsesean ezarritako zigorra beteta, Espainiaratu egin zuten 2012an, eta Madrilgo Auzitegi Nazionalak beste kondena bat ezarri zion.
Kartzelaldiaren azken fasea Iruñean eman du Comesek. Aurretik, Leongo Mansillan preso zen garaian, bera bisitatzera zioan hurbileko batek istripu larria izan zuen Errioxa eta Nafarroa arteko mugan, abiadura handiz zetorren auto batekin goizeko ordu txikietan talka eginda. Lizarrako erietxean artatu behar izan zuten. 2016an gertatu zen istripua. Asturiasko Villabonara eraman zuten gero Olga Comes, eta, ondoren, Iruñera. Jada ez du kartzela berriz zapalduko.
Manifestazioa Baionan
Bestalde, Bake Bideak atzo jakitera eman zuenez, heldu den urtarrilaren 8an “Le temps presse, Ion, Jakes eta Unai gurekin” lelopean manifestazioa izanen da Baionan. Arratsaldeko hiruetan abiatuko da «bake prozesuan etapa berri batera pasatzeko garaia» dela agerian uztea xede izanen duen martxa.
Bake Bideak azaroaren 24an emango ditu xehetasun gehiago Sarek Bilbon antolaturiko martxaren egun berean Lapurdiko hiriburuan egingo den mobilizazioari buruz. Edonola ere, urtarrilaren 8ko manifestazioa mugarri gisa ulertzen duela aurreratu zuen atzo Bake Bideak. Hala, manifestazioa «fase berri baten abiapuntu» izanen dela adierazi zuen elkarteak.
«Presoen auzia konpontzeko babesa bizkortzeko unea» dela uste du Bake Bideak. Hori lortzeko, bai urtarrilaren 8ko martxari begira baita horren ondotik zabalduko den etapa berriak finkatuko dituen erronkei aurre egiteko ere «gizartearen sostengua» beharko dela azaldu zuen.

El PNV cesa a tres ediles de Getxo imputados por el derribo del palacete

«A esta generación le toca poner las bases del Estado vasco»

«La única certeza es que el realismo de Trump nos lleva a la destrucción»

Cuatro grandes sombras oscurecen aún más la inoculación de vacunas caducadas
