Jon GARMENDIA
XILABA

AMETS ARZALLUS ANTIAK JANTZI DU IPAR EUSKAL HERRIKO TXAPEL HANDIA

ANDONI ITURRIOZEK JANTZI ZION ATZO TXAPELDUNAREN TXAPEL HANDIA AMETS ARZALLUSI, MEREZIMENDUZ, JOSKERA EDER ETA ABIADURA BIZIAREKIN HAUSNARKETA LATZAK PLAZARATU ZITUELAKO DONIBANE LOHIZUNEN. BIEK EMAN DIOTE ANITZ XILABAKO BERTSOLARITZARI, ISILEAN BATEK, KANTUZ BESTEAK.

Miren Artetxerekin jokatu zuen buruz burukoa Ametsek, saio borobil bat josi baitzuen Artetxek ere, ideietan fresko eta bukaerako kolpeei arrazoi lodi eta zuzenak egokituz, txalotua eta maitatua izan zen final zoragarri bat burutu zuen emazte bertsolaria. Ametsena, ordea, normaltasunetik urruntzen ari den zerbait da, iduri du bertsotan pentsatzen duela eta hala plazaratzen dituela hausnarketak, erraztasunez, eta bidean egia potoloak erranaz, zer pentsatua ematen duten ideia labur baliotsuak, filosofia, bizitza.

Atzokoan, bai ofiziotan eta baita bakarkako ariketetan, berriro entzun eta berriro pentsatzen hasita zerbait berria eraikitzen hasteko gogoa ematen duten perlak utzi zituen. Hala egin zuen Odei Barroso hirugarrenak bere kartzelako lanean, idatzita uzteko eta luzaroan oroitzeko moduko lerroak kantatuz, kanpo eta barne kritika, maisulan bat; ez zen buruz burukotik urrun bertsolari urruñarra, ez eta laugarren izan zen Maddalen Arzallus ere; hirurak sailkatu dira Euskal Herriko Bertsolari Txapelketarako, eta Amets Arzallus eta Sustrai Colinak osatuko dute Xilabako ordezkaritza.

Txapelketa eder bati itxiera bikaina eman zioten atzo Donibane Lohizunen. Bestalde, ikusi zen finaletik kanpo bertsolari onak gelditu zirela, eta sentitzen zen atzoko seikoteak anitz eskain zezakeela, honela, oholtzan zeudenek erakutsi zuten merituz zeudela han, bosgarren izan zen Patxi Iriartek eta seigarren izan zen Maddi Ane Txoperenak ere maila handiko bertsoak josi zituztelako atzokoan. Final ederra izan zen, egun Ipar Euskal Herriak bertsolaritzan bizi duen sasoi onaren erakusleiho gisa, saioak eta halakoak sortu eta indartu behar direla argi baitago, baina suziri hori atzo bezalako saioek ere piztuko dute.

Ttipi gelditu zen pilotalekua, 1.200 entzule, toki anitzetako euskaldunak bertso gose, nabaritu zen giroan agurretatik landa. Zortziko handiarekin hasi zen lehia, Maddalen eta Maddi Ane kantu kide, Odei eta Amets, Patxi eta Miren, saio onak hiruak, baina lehertu gabeak. Zortziko txikiak berotu zuen giroa, bi arzallustarrak kantuan prestatu zieten etxe batean oporretan; Ametsek haurrak atzeman zituen paretak margotzen eta Maddalen filmatzen. Amets hasi zen: «Margoak soilik dira ez fusil ez bala/ baina zuk badakizu egoki ez dala/ zein da hemen heziketa, neurri ta eskala?/ nolako egurretik halako ezpala». «Zuk haserre pasatu ohi duzu eguna/ beti kexu zara ta kopeta iluna/ hara Patxik idatzi du askatasuna/ Amets ez al da hori eskatzen duguna?». «Bai bai denak gabiltza horretxen egarri/ baina haurrak ikusiz ni jarri naiz larri/ zuk haurrak bihurritu ohi dituzu sarri/gero arren etzazu Instagramen jarri». «Ba bai hor jarriko dut horra diosala/ ta nahi duenak likez goraipa dezala/ zeren esan ziguten etortzean hala:/ lasai egon gintezen etxean bezala». «Nik ez dut nahi ez zigor eta ez jazarpen/ baina lasaitasun hau nik ez dut jasaten/ hain zuzen ere hori ari naiz esaten/ nik ez dut nahi etxean hau egin dezaten». «Etxean baditugu hainbat tira-bira/ baina haurrak helduko dira urrutira/ hara Miren ta Patxi begira begira/ orain lanparetatik zintzilika dira».

Puntuei erantzuna ematen lan ona egin zuten denek, Amets nabarmendu zen halere, eta Patxi Iriartenak maitatu genituen guk: Donibane Lohizunen etxeak garesti... «merkatua ez baita oraindik bate ezti/ borrokatuko dugu emeki-emeki/ azaroaren hogeian beraz denak jeiki!». Arazoa bigarren etxebizitzekin... «eta beharko dugu laster zerbait egin/ lagunekin aipatu behar duzu jakin/ ze trenkatuko dugu guk paristarrekin?». Posible ote dugu hemen bizitzea?...  «kontraka ari zaigu bortizki haizea/ baina helburua da hortara heltzea/ defenditu dezagun aitaren etxea». Hamarreko txikiko hiru saioak hautatuko genituzke, eta kartzelako ariketa guztiak, denek utzi zutelako zerbait distiratsua, Amets eta Odeiren lana apartekoa, halere.

Buruz buruko bizia

Amets eta Mirenek bizi kantatu zuten buruz burukoan. Seiko motzean, umoretik; bi estralurtar ziren lurrari begira. Miren hasi zen. «Ze irriak lurtarrekin/ denak musukoarekin/ ta distantzia justuak neurtzen ekin eta ekin/ haien teknologiekin/ dute nahikoa etekin/ gero halako saltsa sortzeko xaguxar batekin». «Eiffel dorre ta fabrika/ Europa eta Afrika/ batzuk burua dute kozkorra beste batzuk tripa/ maskara eta covida/ ustez lurra bai polita/ esango nuke polita dela begiak itxita». «Lurra biraka ari da/ ta argiak a ze distira/ beharrik haiek hain estaliak pandemian harira/ eguzkiaren argira/ jarri natzaie begira/ ta musukorik ez duten hoiek itsusiago dira». «Mundutarren zilbor jira/ ta planetak zenbat bira/ eta gauetan begira jartzen dira ilargira/ baina beren isurira/ bizitza galtzen ari da/ kontuz ibili ze laster honuntz etorriko dira». « Hango neska ta mutiko/ musuko eta begiko/ betaurrekoak lurrunduta ere begira hain tinko/ lurra hain dago krititko/ zenbat krisi politiko/ hona etortzen saiatuta ere ez dira iritsiko». «Baina nahi dute hastea/ ta espazioa ostea/ hemen porruak landatu eta gero han ospea/ dena dute kontrastea/ pobre bat eta bestea/ hobe lukete baloian gisa hemen jolastea».

Azkenean, Amets garaile 1.012 punturekin; Miren Artetxek, 975.