Jon GARMENDIA
idazlea

Xilaba gehiago

Amets bai, bale, baina hortik aurrera zer?»; urte luzeetan entzun izan nuen hori hurbilekoengandik iparraldeko bertsolaritzarekin hizketan hastean. Puntako bi bertsolari, arte zahar honetako bi maisu, bi artista, bi jenio, bi lagun, bi zenbaki horrekin identifikatu zirenak luzaroan. Baina hemen bakoitza mundu bat da, eta bi mundu gehiegi dira lotura bakar batean biltzeko, hain baita oparoa eta aberatsa bakoitzaren bidea. Agidanean, ez-ezagutza zen neurgailua, langa; hegoaldetik urrun samar gelditu dira beti ipar- ekialdeko aberastasun kulturalak, mitifikatzeko garaian ez, baina egunerokoan aipatzeko bai.

Adituak badaude noski, arituz gerturatu direnak, baina orokortasun bati buruz mintzo naizenez, pertinentzia eskatzen dut. Urrun gelditzen zirelako Xalbador eta Mattin gure belaunaldiarentzat, Alkhat eta Ezponda, Mihura eta Xanpun, Arrosagarai, Mendiburu, Mixel Aire edo Laka, urrunago Topet Etxahun, Iruri Bordazarre, Millox edo Martin Larralde Bordaxuri. Baina Xilaba plantan ezarri zenean, 2008an, hegoaldeko ene hurbilekoek Xumai Murua ezagutu zuten, Odei Barroso, Miren Artetxe, Eneritz Zabaleta, Ekhi Erremundegi, Maddalen Arzallus, Joanes Etxebarria, Gilen Hiribarren, Patxi Iriart, Mizel Mateo, Ramuntxo Christy eta Xan Alkhat, Kristiñe eta Maddi Ane Txoperena, Maindi Murua, Egoitz Zelaia… eta bertso eskolen lanari esker plazara murgiltzen ari ziren gazte andana, Karlos Aizpuruaren eskutik, Aitor Sarasuaren lanari esker, Jexux Arzallus eta Kepa Murua, Itzaina beti hor, Luku, eta beste zenbat isilpean, borondatez, zenbat emazte, zein zaila den zerrenda osatzea nehor ahantzi gabe, tokia denek baitute, egin eta bete. Mari Karmen eta Txe, Beñat, Maurice, Eneko, Lierni, Joana eta Pantxika, Arantxa, Eliane, Txato eta Ellande, Ortzi, eta Amotzeko beheko su Andoni Iturrioz. Heldu dira berriak, elkartean, eta bertsotan, entzuten da, Maddi Sarasua, Aitor Servier, Johaine Sarraillet, Kerman Diaz, Irati Alkantarilla… etorkizuna ate joka. Baina ez da denentzat tokia Euskal Herriko txapelketan, aukeran, finalak erakutsi duelako maila handia badela, eta maila handikoak kanpoan gelditu direla. Merezi luke hausnartzea ez ote den garaia toki gehiago eskatzeko, denek irabazteko, ipar zein hegokoek.