Maite UBIRIA BEAUMONT
BAIONA

Etxebizitza denon eskubidea dela aldarrikatzeko martxa Baionan

8.000 herritar inguru bildu ziren atzo arratsaldean Baionan, espekulazioa salatu eta etxebizitza eskubidea aldarrikatzeko antolaturiko mobilizazioan. San Andres plazatik abiatu zen martxa, 15.30ak pasatxo, eta, hiriko erdigunea zeharkatu ondoren, Lauga kiroldegian eginiko ekitaldi batekin amaitu zen. Ekimena bultzatu zuten 32 eragileek engaiamendu zehatza hartu zuten bertan: gune amankomun bat egituratuko dute lege aldaketa lortzea xede.

Iraganean Lapurdiko kostara mugatzen zen arazoak gaur egun, modu batean edo bestean, Ipar Euskal Herri osoa bustitzen du. Egoeraren larritasunaz oharra egiteko, baina batez ere aterabideak egon badirela eta horiek plantan emateko tenorea dela agerian jarri nahian, “Vivre et se loger au pays! Espekulaziorik ez!” lelopean martxa jendetsua egin zuten atzo Baionan.

8.000 lagunek bat egin zuten arlo ezberdinetako 32 eragilek luzaturiko deialdiarekin. Etxebizitza bat izatea denon eskubidea dela aldarrikatzea xede zuen ekimena lehen urrats gisa jo zuten amaiera ekitaldian antolatzaileek. «Giltza-sorta» sinbolo gisa baliatu zuten herritarrek Iparraldeko gizartearen ikuspegi zinez zabala erakutsi zuen martxan. Are, San Andres plazatik 15.30ak aldera abiatu zen mobilizazioak geldiune esanguratsua egin zuen epaitegiaren inguruan. Bertan, manifestariek poltsikotik «giltza-sorta» atera eta azkar astindu zuten, etxebizitza politika justuago aitzinera eramateko premia adierazteko.

Paulmy etorbidea osatuta, San Leon biribilgunetik Lauga kiroldegiaren norabidea hartu zuen asmo berdinaren atzetik oso jatorri eta nortasun ezberdinetako herritarrak bildu zituen manifestazioak.

Esanguratsua izan zen, hala nola, bazterkeria sozialak bete-betean jotzen dituen etxegabeen presentzia martxan. Haiengandik ez oso urrun, etxebizitzaren krisiak laborantza lurrak desagertzeko arriskua areagotzen duelako arrangura azaltzera heldutako laborariak ziren.

Ipar Euskal Herriko gizartearen erretratu plurala izan zen martxa. Deialdia bultzatu zuten gizarte eragileekin batera, lau sindikatuk –CFDT, CGT, ELB eta LAB– eta Europe Ecologie-Berdeak, Euskal Herria Bai, Ensemble! Pays Basque, Generation.s, Gauche Democratie et Socialisme, France Insoumise, PS eta Nouvelle Donne alderdi politikoek ere indarrak batu zituzten etxebizitzaren krisiaren aurrean neurriak eskatzeko xedearekin.

Euskal Elkargoaren presidentea martxara hurbildu zen. Espaloian itxaron zuen, manifestazio burua bere aitzinean pasa arte eta ondoren batu zen erakunde gehienek aurrera eramaten duten etxebizitza politikarekin kexu diren herritar ugari bildu zuen ekimenera. Horren lekuko “Etxegarai = etxe garesti” zioen afixa erakutsi zuen udal oposizioko talde batek martxan zehar. Jean-Rene Etchegaray ez zen Euskal Elkargoko ordezkari bakarra izan, ondoan Isabelle Pargade Hazparneko auzapeza eta Kotte Ezenarro Hendaiakoa izan zituen. Manifestazioarekin bat egin zuten, beste hautsi batzuen artean, Alain Iriartek eta Dominique Idiartek ere, Hiriburuko eta Senpereko auzapezak, hurrenez hurren.

Etxebizitzaren arazoak inor ez duela epel uzten argi utziz, teilatu batetik ohartxoak bota zituzten erakundeetako ordezkariekin batera ibilbidea egiteko ados ez ziren lagunek. Bestalde, manifestazio bezperan, hainbat herritan margoketak agertu ziren higiezin-bulegoetan.

Oroz gainetik, martxa itxi zuen ekitaldian elkarrekin aurrera egiteko nahia gailendu zen. Gune amankomun bat sortzeko erabakia iragarri zuten antolatzaileek, «elkarte bakoitzaren errespetuan», urrats gero eta ausartagoak egiteko.

Tokiko erakundeetako ordezkariei zuzendu zitzaizkien hizlariak, herritar guzti-guztiak babestuko dituen etxebizitza politika garatu dezaten eskatzeko. Era berean, legearen aldaketa ezinbestekotzat jo zuten inork ez dezan bizitzeko aterperik faltan izan.

Tamainako erronka

Etxebizitzaren eskubidea bermatzea ez da erronka makala. Ipar Euskal Herrian dauden 198.000 etxebizitzetatik 20.000 inguru alokairu turistikoak dira. Bertze 40.000 bat bigarren bizitegiak. Ondorioz, turismoari begirako etxebizitza gehiago dago urte osoko etxe alokairuak baino. Beste zenbaki adierazgarri bat ere eman behar da: 23.738 etxebizitzatan pobreziaren mailaz azpitik bizi dira. Datu kezkagarriak dira, baina ez da ahantzi behar horien atzean pertsonak daudela, bizitegi bat atzematea ia ezinezko duten herritarrak.

Arazoaren oihartzuna argiki geratu da azken astean Nafarroa Behere, Lapurdi eta Zuberoako kale, bide bazter, herriko etxe, ikastetxe eta baita hainbat pentzetan ere atzoko mobilizazioaren aldeko mezuekin. Sare sozialetan ere “Han izanen naiz” edota “Han izanen gira” bezalako lemak azkar hedatu dira. Horrekin batera, “Ehunen deia” gisa ezagutua den moldearen bidez, abantzu 2.000 lagunen sinadurak bildu dituzte. Sindikalistak, laborariak, gazteak, surflariak, aktoreak edota etxegabeak batu dira besteak beste deialdiarekin bat egiteko.

Bada, sostengu zabal hori atzo arratsaldean islatu zen Baionako karriketan. Are, Euskal Herritik kanpo ere hedatu zen elkartasun ekimena. Hala, Bretainian 16 eragile batu ziren espekulazioaren aurkako mezua zabaltzeko. “Etxebizitza bat denontzat” lelopean ekimena antolatu zuten Baionako karriketan bildutako milaka eta milaka lagunekin bat egin asmoz.

Finean, Bretainian, Euskal Herrian, Korsikan eta Europako beste herrialde askotan ere arazoaren muina oso antzekoa da: denon eskubidea den etxebizitza espekulazio gai bilakatu da. Egoera errotik aldatzeko, dagoeneko existitzen diren legeak aplikatu ditzatela eskatu zuten herritarrek atzo Baionan, eta egoerak eskatzen dituen baliabide berriak plantan emateko exijitu zieten agintari politikoei.

Lana dutenak ere bizitokia atzemateko ataka zailean

Etxebizitzaren krisiak jende oro hunkitzen du, baita lana dutenak ere. Egoera pairatu duten hainbat herritarrekin hitz egin du “Mediabask” astekariak. Lekuko horien benetako izenak aldatuz, beraien bizipenen berri eman du. Camillek 26 urte ditu eta enpresa zuzenbidean diplomaduna da. 28 urteko bere lagun Diego, berriz, barneko medikua. Biak Euskal Herrian sortuak dira. «Prezioak emendatzen ari dira etengabe, jadaneko ezin dugu hazi ginen herrietan ez erosi ez alokatu» [Bidarte eta Getaria]», dio Camillek. Salatzen duenez, «bigarren etxebizitzak eta sasoiko alokairuek pozoitzen gaituzte».

Hugoren lekukotasuna harrigarria bezain latza da. «Galiziarra naiz eta 2012an Pauera lekualdatu nintzen», azaldu du. Gazteak Ipar Euskal Herrian atzeman zuen lana orain dela bost urte. «Oroitzen naiz alokairuzko hamar bat iragarki erantzun nituela, bada, nire eskaera guziak atzera bota zituzten bermerik edo soldata handiagorik ez nuelako», deitoratu du. Egoera horretan, lanpostu mugagabeari uko egin behar izan zion langile gazteak. Alicia MUÑOZ / MEDIABASK

Lehentasunak

1. Lurraren eta etxebizitzaren merkatua erregularizatzea.

2. Etxebizitza duina izateko eskubidea bermatzea.

3. Etxebizitzen errehabilitazioa eta bizitegi hutsen erabilpena sustatzea.

4. Lurren erosketa eta kudeaketa publikoa bultzatzea, laborantzarako lurrak babestuz.

5. Etxebizitza soziala hobestea, alokairuen prezioak mugatzea eta larrialdiko aterpetze eskaintza garatzea.