Amaia EREÑAGA
BILBO
DURANGOKO AZOKAREN 56. EDIZIOA

Erreserba egin beharko da Azokan sartzeko; kanpoan, «arduraz jokatu»

Kutsatze olatuek astindu eta baldintzatu dute Durangoko Azoka izurritea hasi zenetik. Pandemiaren mendeko bigarren urtean, aurrez aurreko azoka bermatzea da helburua. Bertako guneetan –Landako Gunean eta Plateruenan– indarrean jarriko den erreserba-sistemarekin lortu nahi dute hori; handik at, bisitarien esku egongo da.

Azken egun hauek oso nahasiak suertatzen ari dira Durangoko Azokarekin loturaren bat dutenentzat. Aurrez aurreko hitzordua ahal den neurrian bere horretan mantentzearen aldeko apustua argi zegoen hasieratik; hori nola lortu beste kontu bat zen. Pandemiaren azken gorabeheren ondoren, eta ia astebete luze gelditzen denean –abenduaren 4tik 8ra zabalik izango ditu ateak–, indarrean jarriko diren osasun-neurriak eta kutsatuen datuek norantz jotzen zuten aztertu ondoren, atzo jakinarazi zuten Gerediaga elkarteak eta Durangoko Udalak nolakoa izango den aurtengo Azoka. Egoera aldatzen ez bada, behinik behin.

Durangoko alkate Ima Garrastatxuk argitu zuenez, egunotan hainbat bilera egin eta osasun-neurrien eskaerak aztertu ondoren, txosten tekniko bat helarazi zioten Gerediagari Azoka bera baimentzen zuena. Atzo, ohar bateratu baten bidez, Lakuak ezarritako osasun-neurrietara egokitu ahal izateko prestaturiko plangintzaren berri eman zuten azkenik. Ostegunean, prentsaurrekoan, xehetasun gehiago emango dituzte, baina aipagarriena, zalantzarik gabe, aurrez aurrekoa bermatzeko hartutako neurriak dira. Azken finean eta aipatu zuten legez, bisitari eta kulturzale guztien segurtasuna bermatzea izango da Azokaren lehentasun nagusia. Horretarako, osasun-neurriak indartuko dituzte 56. edizio honetan.

Ordua eskatu

Berritasun nagusia Landako Gunean eta Plateruenan antolatuko diren Ahotseneko kontzertuetan egongo da, zalantzarik gabe, bai Landako Gunera bai Plateruenara sartzeko ezinbestekoa izango baita aldez aurretik izena ematea, Azokako webgunean sortuko den erreserba sistema baten bidez. Seguru asko, astelehenean bertan jarriko da martxan.

Landako Gunean, esaterako, 1.200 bisitari egon ahal izango dira aldi berean erakusmahaiak bisitatzen, eta horretarako ordu eta erdiko tartea izango da. Tarte hori amaitutakoan, hustu egingo da Landako hurrengo txandakoei lekua egiteko.

Egunero, beraz, bost txanda egongo dira Landakora sartzeko, 10.00etatik 20.00etara. Erreserbarik gabe ezin izango da bertan sartu.

Plateruenako kontzertuetarako ere jarriko da erreserba-sistema bera. Abenduaren 4tik 8ra bitarterako 50 kontzertu antolatu dituzte aretoan eta horietarako aldez aurretik izena eman beharko da webgunean.

Plateruenan ez da ostalaritza zerbitzurik egongo eta ezin izango da inolako edari edo jatekorik kontsumitu. Baldintza berberak ditu Landako Guneak.

Azokako gune guztietan, noski, nahitaezkoa izango da maskara une oro erabiltzea.

Dei zuzena bisitariei

Udalak eta Azokak Durangora gerturatuko diren bisitari guztiei arduraz jokatzeko deia egin diete, atzoko ohar horren bidez; izan ere, gaiak ertz asko dituenez, tirabira politikoetarako bidea zabaldu daiteke. Esaterako, joan den astean Durangoko EAJko udal taldeak “eskaera” egin zion EH Bilduko alkateari segurtasuna berma dadin, nahiz eta gaia ez dagoen udalen esku.

Kezka dago, ezin uka, antolatzaile eta partaideen artean Azokako guneetatik at sor daitezkeen arazoen inguruan. Joan den astean Durangaldea maila gorrira igo zen. Egoera kezkagarria da oso, are kritikoa, Durangon bertan 685,44ko intzidentzia tasa dagoelako. Gerediaga elkarteak eta Udalak hori azpimarratu zuten, «euskal kulturaren plaza bizirik mantentzeko ezinbestekoa baita denon babesa eta konpromisoa» esanez.

Ima Garrastatxu Durangoko alkateak mezu berbera zabaldu zuen. «Gerediagak neurri zorrotzak hartuko ditu segurtasuna bermatzeko, eta ondoan izango gaitu laguntzeko prest –aipatu zuen–. Garai zailak bizi ditugu eta guztion artean konpromisoz lan egin behar dugu Durangoko Azoka eta Durango osoa seguruak izan daitezen».

«Horregatik Durangora etortzen diren guztiei arduraz jokatzeko eskatu nahi diegu; izan ere, Azoka ez da Landako Gunera mugatzen; Azoka Durango osoa da», gehitu zuen. Dei zuzena egin zien, era berean, zubi honetan herrira bertaratuko direnei: «Durangon errespetuz jokatzea eskatu nahi dizuegu. Durangok euskal kulturaren ateak irekitzen dizkizuen bezala, Durangon ere arduraz jokatzeko eskatu nahi diegu bisitariei».

Azoka, beraz, egin egingo da. Desberdina izango da, garaiak horrela behartuta. Baina nork sinetsiko zukeen orain egun batzuk 220 erakusmahai izango dituen Landako Gunera sartu ahal izango garela? Edo 50 kontzertu aurrez aurre entzun ahal izango ditugula?

Bestalde, online denda abenduaren 3tik 7ra bitartean egongo da martxan, wwww.durangokoazoka.eus webgunean, eta hainbat ekitaldi streaming bidez ikusi ahalko dira zuzenean.