Maddi TXINTXURRETA
DONOSTIA

«Gaiztakeria», promoziotik hasita diskoaren letra eta doinuetaraino

«Egon edo ez egon» disko berria aurkeztu du Joseba Tapiak. Koldo Izagirrerenak dira letrak eta musika herrikoi eta dantzagarria dakar hamar kantuz osatutako lanak, lasartearraren bakarkako bederatzigarrena. Apirilaren 28an aurkezpen kontzertu berezia emango du Joseba Tapiak Donostiako Victoria Eugenian. Disko berrian parte hartu duten guztiak igoko dira oholtzara, eta sorpresaren bat edo beste egongo dela iragarri zuen musikariak.

“Egon edo ez egon” disko berria aurkeztu zuen atzo Joseba Tapiak. Koldo Izagirrerenak dira letrak eta musika herrikoi eta dantzagarria dakar hamar kantuz osatutako lanak.

Trikitixak ez zuela ezertarako balio eta musika klasikora, garaikidera sartu nahi izan zuten Joseba Tapia bere bi osabak, eta bide horretan ibili zen, eskala kromatikoetan gora eta behera, zazpi urte zituenetik 14 bete arte, harik eta “La Campanella“-ren partiturak –«gogorregia» Tapia gaztearentzat– klasikoaren bidea uztera eta trikitixarena hartzera bultzatu zuen arte.

Baina ez zen betirako eskala kromatikotik aldendu. Soinu honekin adiskidetu da Tapia “Egon edo ez egon” disko berrian, trikitixarekin egin ezingo zituen kantuak sortzeko. «Nahiz eta, niretzat, hau ere trikitixa den», esan zuen. Eskala horren arabera egin ditu Tapiak berak kantu eta moldaketa guztiak.

Emaitza, metalezko lau instrumentuk (hiru erabili izan ditu orain arte), tronpetak, saxoak, tronboiak eta helikoiak, lau hotsez osatutako «festa» bat, Big Band baten antzera.

«Kaletik» ere badu diskoak, zenbait genero dantzagarri eta herrikoien eskutik: tartean dira cumbia, merengea, pasodoblea eta tangoa. «Erritmo hauek oso baldarki iritsi zaizkigu askotan, baina oso herrikoiak dira», zehaztu zuen Tapiak.

Eta Big Band horretara lagun berri batzuk ekarri ditu Tapiak. Et Incarnatus orkestrarekin grabatu ditu hiru kantu, eta ohiko taldekideez gain, batu dira disko berrira, kasurako, Xanti Etxeberria baxuan, Olaia Intziarte koruan eta Ramontxo Vega “Nerbioki Zirgariak” kantuan.

“Hemen dago” kantuaren hitzak salbu –Gordobil delako batek idatziak 1949ko apirilaren 26an, Gernikako bonbardaketaren urteurrenean– diskoa osatzen duten kantuen letrak Koldo Izagirreren testuekin eginak dira eta, horregatik, diskoak ere badakar idazlearen sinadura. Disko «bariatua» da Izagirreren esanetan, eta umorea nagusitzen da proiektuan, nola letretan, «ironia eta gaiztakeria» agertzen baitute, hala musikan, dantzagarriak baitira doinuak.

Lan berri honen aurkezpenean iragarri zuenez, apirilaren 28an aurkezpen kontzertu berezia emango du Joseba Tapiak Donostiako Victoria Eugenian. Disko berrian parte hartu duten guztiak oholtzara igoko direla iragarri du, eta sorpresaren bat edo beste egongo dela.

Autotunerik ez da

Merezia zukeen Tapiak sare sozialetako troll titulua. Chill Mafia talde iruindarreko Beñat Rodrigo (“Kiliki frexko”) eta Julen Goldarazena (“Flakofonki”) konplize izan ditu disko berriaren ezohiko promozioan, Hiru Damatxo taldeak “perpetratuta”.

Kolaborazio bitxi horren istorioa Chill Mafiak hasi zuen, “Barkhatu” izeneko kantuko errepikara Tapia eramanez: «Guapos como Solano, leyendas como Tapia» («Solano bezain guapoak, Tapia bezain legendak»). Esaldi horrek sare sozialetan ziria sartzera eraman ditu hiru musikariak.

Bideo-segida baten bidez hasi zuten adar jotzea, Chill Mafiak Joseba Tapiaren (“Daddy Tapia” gisa berriki bataiatua) diskoan kolaboratuko zuela ulertzera emanez. Txandal laranja-urdin batekin agertu zen lasartearra, letretan gaztelera eta, are, ingeles pixka bat sartzeko asmotan, autotunea probatzen.

Eta bideo bakoitzaren amaieran, data bat: 2021/11/20. Hain zuzen, Tapiak “AHT” kantua publikatu zuen eguna. Autotunea ez da inondik agertu.