Iraide IBARRONDO
GALDAKAO

Etxahun Lekuek lortu du finalerako txartela, Bizkarrak gertutik estututa

Galdakaoko Urreta kiroldegia izan zen, atzo, Etxahun Lekueren bertso erakustaldiaren testigu. Hori horrela, Lekue larrabetzuarrak Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finalerako bigarren txartela eskuratu zuen eta Pagonabarragarekin buruz buru lehiatu beharko du, Bizkaiko txapelduna bihurtu nahi baldin badu. Harmailetan 600 zale inguru izan ziren Nafarroako bertso txapelketaren bezperan jokatutako finalaurrekoan.

Etxahun Lekuek lortu zuen Bizkaiko Bertsolari Txapelketako bigarren finalista bihurtzea, atzo arratsaldean Galdakaoko Urreta kiroldegian jokatu zen bigarren finalaurrekoan. Larrabetzuarra 547,5 punturekin gailendu zen, baina ez Aitor Bizkarrak tinko estutu gabe, honek 541,5 punturekin bereganatu baitzuen zilarrezko domina. Kanpoan tximistak eta euri-jasa etengabeak nagusi izan baziren ere, kiroldegira hurbildutako 600 bertsozaleek ederki epeldu zuten bigarren finalaurrekoko giroa.

Maila ona eman zuten atzo Lekueren aurka lehiatutako bertsolariek, baina larrabetzuarra bereziki fin moldatu zen zortziko txikian eta kartzelan. Hori horrela, zortziko txikian Aramendirekin batera ibili zen bertsotan, berriki batera bizitzera joandako bikote baten lekuan jarriz.

Hala, Aramendik koadroz bete zuen etxea eta Lekuek ez zuen batere gogoko. Lekuek hasi zuen bertso sorta: «Dekoratzeko grina Josunek dekona/ nahiz lehengo kuadroa ez zan horren ona/ oin zalantza bat dekot, zalantza sakona/ ze koloretakoa zan kuartuko horma».

Eta Aramendik erantzun: «Jadanik kolorea nik daukat ahaztua/ ta jada salarantza horrela sartua/ nire kuadroek dute berez enkantua/ ta oraindik falta da nire erretratua».

Hamarreko handian, ostera, Oihana Bartra eta Aitor Bizkarra bereziki argi ibili ziren. Osasun etxean zita eskatu nahian zebilen herritar bat eta telefonista interpretatu zituzten. Bizkarrak ekin zien bertsoei: «...nahiz orain zabiltzaten asto beharretan /tratatzen gaituzue manera txarretan /inongo arretarik ezta lehen arreta».

Bartra, berriz, zoli ibili zen azken erantzunean: «Parazetamola hartu ta baietz freskatu/ hori da errezeta dizut baieztatu/ nire erantzuna ezaizu batere gustatu/ bale gura dozuna gaur niri eskatu/ baina joan kalera, eta protestatu.

Kartzelako atalean, orokorrean, gai goibelak aukeratu zituzten bertsolariek. Izan ere, gaia “zenbat geratan dan galdetu eutsu, ez dozu jakin zer erantzun” izan zen.

Esaldi hori abiapuntutzat hartuz, ondoko gaien aldeko apustua egin zuten bertsolariek: Bizkarra ELA gaixotasunaren inguruan aritu zen; Lekue, haurren minbiziaz; Galletebeitia, antzutasunaz; Bartra eta Aramendi, dispertsioaz, eta azkenik, ildo orokorretik zertxobait aldenduz, Etxebarriazarraga garbitzaileen lana eta errespetuaren inguruan aritu zen bertsotan.

Etxebarriazarragak, kartzelako proban azken postuan irtenda, freskotasuna eman zion: «...hogeita zazpi urtegaz igual eingo dautso grazi/ baina nik hemen daroat beste horrenbeste kasi/ ta gaur galdetu orduko bertan dot geldiarazi/esan deutsat ikasketek ezeitazue nahasi/ karrera atara ein dozu ez iñori irabazi/ oin beitu sorbaldaz gora adi entzun ta ikasi».

Galletebeitiari dagokionez, zortziko handian moldatu zen trebeen. Bartrarekin batera irten zen oholtzara aita-alaben paperean jarriz, eta publikoa barrez leherrarazi zuten.

Galletebeitia udaltzainak Bartra alaba botiloia egiten topatu zuen: «Alaba ezagutu dut azkar aldartez/ heziketa zuena ustez nire partez/ kontainer gainean hor musikaz zein artez/ mesedez pixkatxo bat kontenitu zaitez».

Bizkarra itxaropentsu

Oraingoz, finaleko eserlekua ziurtatuta ez duen arren, Bizkarra itxaropentsu azaldu zen bere agurrean. Izan ere, 541,5 punturekin, Etxebarriko parte hartzaileek baino askoz maila hobea erakutsi zuen. Gogoan izan Pagonagabarra 529 punturekin sailkatu zela.