Maddi TXINTXURRETA
OÑATI

Arantzazulab-ek eta Tolosak deliberazio prozesu bat abiatuko dute ELGArekin bat

Arantzazulab-ek eta Tolosako Udalak elkarlanerako hitzarmena sinatu zuten atzo, ekitaldi batean, herri horretan “deliberazio egitasmo ordezkatzailearen proiektu” pilotua abiatzeko. Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundearen (ELGA/OCDE) laguntza izango dute bidean, «demokrazia deliberatiboko prozesuak herrian zabaltzeko eta instituzionalizatzeko baldintzak sortzen hasteko».

Naiara Goia Arantzazulab-eko zuzendari nagusia, Olatz Peon Tolosako alkatea eta Mauricio Mejia ELGAko politika analista izan ziren ekitaldian eta azaldu zutenez, deliberazio prozesu ordezkatzaileak herritarrak tokiko agenda publikoaren diseinuan inplikatzea du helburu eta ELGAk duen ezagutza eta nazioarteko esperientziak baliatuko dituzte Arantzazulab-ek eta Tolosako Udalak horretarako.

«Erakunde publiko, gizarte eragile eta herritarren artean lankidetza behar da, gizarte bezala ditugun erronkei erantzuteko eta herri politiken ekosistema eraginkorragoa egiteko. Hori lor daiteke deliberazio eta ekintza partekatuaren bidez», azaldu zuen Naiara Goiak.

«Udaletik herritarren eguneroko beharrei erantzun ahal izateko eta etorkizuneko erronka konplexuei erantzuteko formula magikorik ez badago ere, badakigu nola egin bide hori: parte-hartzetik eta adostasunaren bidetik», agertu zuen Peonek.

Hiru aldi

Mejiak esan zuen hiru etapa nagusi bereiziko direla Tolosako prozesuan. Hasi dute lehenengoa, behar diren agenteekin elkarrizketak eta harremanak izatea, denen artean prozesuaren oinarriak adostu eta «hasteko prest» egon daitezen.

2022an bi norabidetan egingo dute lan: batetik, Tolosan existitzen den arazo espezifiko bat aurkituko dute, neutroa izango dena eta berau konpontzeko deliberazioa behar duena. Bestetik, deliberazio prozesua diseinatu eta bertan parte hartuko duten herritarrak bilatuko dira, Tolosako batzarra osatuz. Batzar hori herritar indibidualek osatuko dute zozketa zibiko baten bidez aukeratuta.

Tolosan partaidetza prozesua eginda, eredu hori beste herri eta erakunde batzuetara zabaltzeko asmoa dute.