Iraide IBARRONDO
BIZKAIKO BERTSOLARI TXAPELKETA

IBARZABALEK LORTU DU FINALERAKO AZKEN TXARTELA ETA ZORTZIKOA ZEHAZTUTA DAGO

B IZKAIKO FINALAK BADU ZORTZIKOA. ATZO LARRABETZUN JOKATU ZEN AZKEN FINALERDIA ETA, NEREA IBARZABAL GAILENDU ZEN. LARRABETZUKO SAIOTIK, JONE URIA, BIGARRENA, IZAN DA IBARZABALEZ GAIN FINALERA SAILKATZEA LORTU DUEN BAKARRA. BI SAILKATUEK NAGUSITASUN NABARIA ERAKUTSI ZUTEN GAINERAKO BERTSOLARIEN AURREAN.

Nerea Ibarzabalek eskuratu du Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finalera sailkatzeko azken txartel zuzena. Markinarra 542,5 punturekin gailendu zen atzo arratsaldean Larrabetzun jokatutako azken finalaurrekoan. Ibarzabalen garaipenarekin batera, finkatuta gelditu zen Miribillan, Bilbon, datorren abenduaren 18an lehiatuko den zortzikoa: Gorka Pagonabarraga (Etxebarriko saioko irabazlea), Etxahun Lekue (Galdakaoko garailea), Nerea Ibarzabal, Aitor Bizkarra, Jone Uria, Xabat Galletebeitia, Aitor Etxebarrizarraga eta Onintza Enbeita sailkatu dira Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finalera.

Zortzikote horretaz gain, Miren Amurizak eta Oihana Bartrak Euskal Herriko Txapelketan lehiatzeko aukera lortu dute, sailkapenean zortzikote honen ondorengoak baitira.

Larrabetzuko frontoia publikoz zein giroz lepo egon zen arren, 700 ikusleko gehienezko aforoa bete zelarik, saioa ez zen bertsozaleentzat era aproposenean hasi. Izan ere, euria bota ahalean ibili zen zortziko nagusiko lanak egin ziren bitartean, eta zaparradak frontoiko teilatuan egin zuen zaratari frontoiko oihartzuna gehituta, zinez konplikatua bihurtu zen bertsolariei abesten zutena ulertzea.

Ondoren, atertu egin zuen eta zortziko txikiaren txanda iritsi zen. Lan honetan bereziki fin ibili zen Ibarzabal, bere bikotea izan zen Txaber Altuberekin batera. Ondoko gaia suertatu zitzaien: Altube eta Ibarzabal, adinean gora doazen bi lagun, elkarrekin joan ohi dira oporretan Benidormera, baina egun batean, Ibarzabalek Altuberi esan dio leku lasaiago batera joan nahi duela; Altubek, aldiz, Benidormera joaten jarraitu nahi du.

Horrela ekin zion Altubek bertso sortari: «Ia hogei urte joder ze tamaño/ enaiz errenditzeko iritsi honaino/ Nerea ze leku da lasaiago hau baino/ jubilatuentzako diskoteka baino». Ibarzabalek, erantzun: «Hobe hondartza ertzean edota yatean/ edo bestela gure herriko parkean/ pajaritos dantzatzen ia indar batean/ esginzea egin nuen iaz besapean».

Hala ere, zortziko txikian, Uriak eta Julen Arzanegik hurbiletik jarraitu zieten. Honako gaia izan zuten: Arzanegik bere bikotekideari maitasun eskutitzak bidaltzen dizkio, baina Uriak postontzitik ateratzen ditu.

Arzanegik ekin zion bertso sortari: «Neskari kariñoa adierazi guraz/ baina etxakoz heltzen ta nago arduraz/ ikusi dot zelanik daroazuzen zugaz/ nahi badozu zuri be idazko deutsudaz». Eta, Uriaren erantzuna: «Ez ez nik ez dut behar deus larrosa usain/ guztia metafora kursi eta esaldi guaiz/ nahiz eta zuk ez duzun irekiko garaiz/ benetan mesede bat egiten ari naiz».

Hamarreko handian, Ibarzabalek eta Uriak osatutako bikoteak jaso zituen txalo gehien. Izan ere, bi emakumeak batez besteko mailatik era esanguratsuan gailendu ziren saio osoan zehar. Zehazki, hezkuntza sistemaren inguruan abestu zuten. Batak, amak, haurra eskola libre batera eraman nahi du eta besteari, irakasleari, erabakiaren zergatiak azaldu behar dizkio.

Kaiolakoan, ondokoa izan zen gaia: «Ondotik pasatzen den bakoitzean, txarto begiratzen zaitu. Ezin duzu gehiago». Bertsolariek honako hautuak egin zituzten, oholtzara irtendako hurrenkeran: Uriak emakumeen aurkako tratu txarrak hautatu zituen; Altube ligatzen ez zekien nerabe baten azalean sartu zen; Ibarzabalek ama bat gorpuztu zuen, zeinak semearen portaera oldarkorrak pairatzen zituen; Abasolok, aldiz, ezker abertzaleko militante baten eta PSOEko kide baten arteko topaketaren inguruan abestu zuen; Elortegik bullyinga hautatu zuen eta, bukatzeko, Arzanegi txapelketako lehiaren inguruan aritu zen.

Kaiolan zeresan handiena eman zutenak Uria eta Ibarzabal izan ziren, beste behin. Uriaren bertsoa: «Hain guztion begitara zena hain jator hain guapo/ herriko mutil katxarro beti jantzita galako/ batera ibili giñen hori aitortu beharko/ ta hasieran bihotzak maiz egiten zidan salto/ gerora etorri ziren mehatxu eta halako/ ta nire irri guztiak bihurtu zituen malko/ orain pasatu aldiro hain begiratzen nau txarto/ jendeari nolakoa den kontatu diodalako».

Kaiolakoan Ibarzabalek abestutako bertsorik azpimarragarriena, aldiz, honako hau izan zen: «Eztuzu bizi nahi umezaroko aspaldiko ametsean/ dena barkatzen dena onartzen bere akatsak aletzean/ itxaron egin nahiko nioke gauean ate ertzean/ ea susto bat edo hartzen duen bihotzean saihetsean/ ze haur hau iñortxok ezin du moztu neronek egin ezean/ atea itxita aurkituko du uler dezan gau beltzean/ biolentorik ez dela onartzen bere amaren etxean».