EDITORIALA

Ez dira betiko garai onenak

Durangoko Azokak ateak itxi ditu, aurrez aurreko bost egun berreskuratuta. Garrantzitsua zen euskal kulturaren arnasgune nagusiak bere kabuz hats egitea. Pandemia garaiotan gehiegitan entzun denari helduz, intubazioa kendu eta birikari bere lan eskerga egiten uzteak hil ala bizikoa zuen. Bihotz taupadak artifizialki ez mantentzeak bazuen ilusio zantzu bat. Kulturaren odolak bere bidea egiteko ahalegin horretan indar apur bat jartzea, hain zuzen. Lortu da. Bisitarien txandak agortu dira eta 25.000 lagunek Landakoko lurra (eta zerua) zanpatzeko aukera izan dute bi urteren ondoren. Hori guztia, kontuan izanda osasun krisiaren bilakaerak azken momentura arte baldintzatu duela aurtengo Azokaren formatua. Ez da makala izan, zentzu horretan, antolatzaileek aurretiaz –eta Azoka egunetan– egin behar izan duten lana.

Arnasa egiteko era desberdinak ezagutzen ditugu, ordea. Eta arnasa estua, edo larria, da azken denboran euskal kulturak ohikotasunez bizi duena. Pandemia aurreko azken Durangoko Azokako datuekin alderatuta, ziztada jasan dute aurtengoan Landakon izan diren saltzaileek. 100.000 bisitari inguru izan ziren 2019an; beherakada latza izan da, hortaz, aurten bertaratutakoen zifrak ikusita. Arnastu, arnastu du Azokak, baina gaitzak jota berehala artatu dezaten behar duenaren arrastoak ere utzi ditu.

Online salmenta izan da aurten Gerediagak salbazio biderako ezarritako beste neurrietako bat, iaz egin zuen bezala. Baina osasun krisiarekin bezalatsu, kultura arloan ere datuek zuloak agerian uzten dituzte. 1.300 produktu saldu dira online dendan bost egunetan zehar; 260, eguneko, 5.400 produkturen gainean. Txertoaren beharrean izango dira aurrerantzean Landakoko salmahaien atzean izandako hainbat editorial eta diskoetxe; are gehiago, 200 inguru izan direnean bertan ezarritako standak. Oro har, bisitariek zorrotz bete dituzte aurrez ezarritako osasun protokoloak. Zoriontzekoa kulturzaleen jarrera, baina bistan da ez direla betiko garai onenak.