Asier AIESTARAN
PILOTA

Irribarria eta Rezusta argi nagusitu dira Bergaran

Piloteoan erakutsitako agintea markagailura eramatea kosta arren, bigarren erdian ez da kolorerik egon.

EZKURDIA-TOLOSA 11

IRRIBARRIA-REZUSTA 22


Irribarriak eta Rezustak Binakako Txapelketako bigarren puntua eskuratu zuten atzo, Bergaran, Ezkurdia eta Tolosari 11-22 irabazita. Ez zen neurketa batere ikusgarria izan, huts dezente izan ziren, eta irabazleen sendotasunak erabaki zuen dema beraien alde bigarren erdian.

Iker Irribarriak eta Beñat Rezustak argi zuten hasi aurretik beraien estrategia Ezkurdiari pilota kendu eta atzean Xabi Tolosa zigortzea izango zela. Horretan saiatu ziren hasieratik eta, amaieran helburua lortu zuten arren, partidaren aurreneko erdian kosta egin zitzaien markagailuan ihes egitea.

Horretan zerikusi handia izan zuen Joseba Ezkurdiaren lanak. Arbizuarra behin eta berriro saiatu zen tantoa aurrean nahasten eta lehen zati horretan lortu zuen Iker Irribarriaren akatsak behartzea. Aramarra eta Xabi Tolosa izan ziren huts gehien egin zituztenak eta markagailua oso parekatuta joan zen 6-6kora arte.

Urdinen ihes egiteko lehen abisua 7-10ekoan iritsi zen, Irribarriak eta Rezustak atzean egindako tanto banaren ostean, eta aldea apur bat gehiago ireki zuten lehen atsedenaldi luzera iristeko: 8-12 Tolosak galdutako beste pilota baten ondoren.

Esker txarreko lanak egokitu zitzaizkion atzo ere Ezkurdiari, baina saiatu zen ekidinezina zirudiena nolabait ekiditen. Berak egindako –edo gutxienez behartutako– bi tantorekin 10-12 hurbildu ziren gorriak, baina hortxe amaitu zen emozio guztia. Hurrengo 10-13koa Tolosak gora botatako pilota batekin iritsi zen eta hortik aurrera erabat nagusitu ziren urdinak.

Atzean Beñat Rezusta ikusgarri aritu zen –bi tanto egin zituen eta pilota bakarra galdu–, eta aurrean Iker Irribarriak aukera ederrak izan zituen tantoa amaitzeko. Gainera, pilota asko atzeratu zuten eta Tolosa errebotera itsatsita eduki zuten une oro. Errebote argi bat ere izan zen, 10-18koan Iker Irribarriak jotako ezkerkada bikain bat atzeko horman sartu baitzen.

Partziala 0-8koa izan zen, 10-12tik 10-20ra igarotzeko, eta gorriek beste tanto bat egin zuten arren –Tolosak atzera jota 11-20koan, galtzaileen aipagarriena– amaiera azkarra izan zuen Bergarako norgehiagokak.

Azkenean emaitza 11-22koa izan zen eta bigarren puntuarekin Irribarria eta Rezusta sailkapenaren goialdean kokatu dira; Ezkurdia-Tolosa, aldiz, garaipenik gabe geratu den bikote bakarra da, hirutik hiru galduta.

«Oso pozik nago. Etxean beti nahi izaten duzu partida on bat egin, baina askotan ez da erraza izaten. Gaur hasieratik sentitu naiz ongi, fresko, eta uste dut partida guk nahi genuen bidetik joan dela. Hasieran gehiago kostatu zaigu, baina gero eta argiago agintzen genuen, gero eta aurrerago hartzen genuen pilota, eta horrela errazagoa da pilotan jokatzea», aztertu zuen neurketa Beñat Rezusta bergararrak.

Hori bai, ospakizunetarako denbora gutxi izango dute irabazleek, bihar gauean jokatzen dutelako hurrengo norgehiagoka, laugarren jardunaldia irekiko duena, Zeanurin, bi puntu dituzten Urrutikoetxea eta Arangurenen aurka.