Arnaitz GORRITI
PILOTA - BINAKAKO TXAPELKETA

Jakak gorrien hasiera okerra zuzendu du

Mariezkurrena II.a oso gaizki hasi da eta 0-9 egindute ihes Peio Etxeberriak eta Martijak. Berriozarkoatzelaria zuzentzean, baina, Lizartzakoak aurrean asmatu eta 7-12tik 22-14ra joan dira Baikokoak.

JAKA-MARIEZK. 22

ETXEBERRIA-MART. 14


Erik Jakak badu eskarmentua eta badu lehiakor izatearen bertutea. Bere gaitasun horiei esker, Mariezkurrena II.arekin osatzen duen bikoteak Binakako Txapelketako bigarren puntua lortu zuen atzo Peio Etxeberria eta Martijaren aurka Logroñoko Adarragan, partiduaren hasieran 0-9 galtzen joan baziren ere. Urdinek behera egin bezala egin zuten gorantz gorriek, eta aurreneko atseden luzetik aurrera, batez ere Mariezkurrenaren ahala atzeko koadroetan nagusitzen hasi zenetik aurrera, Lizartzakoa gai izan zen Baikoko bikotearen hasiera petrala zuzentzeko.

Erdi huts eginagatik, aurreneko tanto biak Peio Etxeberriaren alde erori ziren, eta horrek bikote urdina partidan bete-betean sartu zuen. Aldiz, gorrien artean Mariezkurrena galtzaile hasi zen, eskuin besoa fresko izan arren goiko eta beheko koltxoiei hautsak astinduz. Antza, eskuin eskuan ohi baino tako gehiagorekin jokatzen ari da txapelketako aurreneko jardunaldian eskuina minduta amaitu ostean.

Partidaren aurreneko zati horretan Jokin Altuna ez zuten faltan bota urdinek. Gauza larregi egiteke 0-9 aurreratu ziren eta derrigorrean hutsartea eskatu behar izan zuten Jakak eta Mariezkurrenak. Lizartzako aurrelariak atzelari nafarrari pilotaren zain egon beharrean bila joateko agindu zion, eta hutsegiteei hainbesteko garrantzirik ez emateko. Partida amaitu eta gero iritziak ematea erraza da, baina bistakoa da Erik Jakaren aholkuen ondorioa ezin hobea izan zela Berriozarreko atzelariarentzat. Izan ere, aurreneko zati horretan sei pilota galdu bazituen, handik amaierara arte ez zuen bakar bat gehiago galdu. Inork gutxik usteko zukeen halakorik une horietan.

Gorriak 4-9 hurbildu ziren markagailuan. Egia esan, oso hotz ekin arren, pixkanaka-pixkanaka gorriak neurketaren dinamikan sartzen hasi ziren. Hori bai, partidaren hastapeneko abantailari errentagarritasuna ateraz, aurreneko atseden luzera markagailua 7-12 zela iristea lortu zuten, Erik Jakari txapapera joan zitzaion ezker gantxo baten ondoren.

Dena atzekoz aurrera

Lehendabiziko atsedenaldiaren ostean luzeegi atera zuen sakea Peio Etxeberriak, eta akats hori partida are gehiago estutzeko baliatu zuten gorriek. Besteak beste, Etxeberria bera hasieran baino presa gehiagorekin jokatzen hasi zelako.

Hala, 12-12an egin zuten bat bikote biek, Martijari goregi alde egin zion pilota baten ostean. Eta sekuentzia berbera errepikatuz, 13-12 aurreratu ziren Jaka eta Mariezkurrena II.a. Etxeberriak beste kale bat egin ostean, 8-0ko partziala nolabait eten beharra ikusita, urdinek hutsartea eskatu behar izan zuten.

Jakari goregi joan zitzaion pilota batekin moztu zuten bolada txarra urdinek. Baina 15-14koaren ostean, urdinak goitik behera amildu ziren. Martijak gero eta garbiago ikusi zion bizkarra Mariezkurrena II.ari, eta Jakak aurrerapauso bat eman zuen bere atzelariaren ahala gantxo bikainekin baliatzeko.

Bitartean, Peio Etxeberriak berak ere beherantz egin zuen azken fase horretan. Presaka, bere atzelariak behar zuen tenplerik gabe aritu zen eta errazegi amildu ziren urdinak: hain zuzen hasitako partida erabat okertuta amaitu zuten, justu gorriek egindakoaren kontra. Hain oker hasitako partida zuzendu eta gero, bigarren puntua erdietsi zuten azkenean Erik Jakak eta Jon Mariezkurrenak. Nekez emango diote berriz buelta partida bati 0-9 galtzen hasiz gero, baina atzo, Erik jakaren aurrerapausoa baliatuta, hain hasiera petrala zuzentzeko gai izan ziren.