Iraide IBARRONDO
BILBO

Zortzikote finalista prest dago Bizkaiko txapelaren lehiarako

Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finala larunbat honetan, abenduaren 18an, jokatuko da Bilbao Arenan, Bilbon. Atzo, finala aurkezteko Miribillan egin zuten ekitaldian, txapelketaren azken faserako sailkatu diren bertsolariek finalaren aurreko egunotan dituzten sentipenen eta finalaren xehetasunen berri eman zuten. Bertan izan ziren Galletebeitia, Etxebarriazarraga, Pagonabarraga, Uria, Ibarzabal, Lekue, Enbeita eta Bizkarra.

Azkenik, iritsi da Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finala, pandemiaren ondorioz urtebetez atzeratu ostean. Larunbat honetan, hilaren 18an, izango da Bilbao Arenan, eta zortzikote finalistak finalaren xehetasunen eta beren sentipenen berri eman zuten atzo, Bilbao Arenan egin zen aurkezpen ekitaldian.

Finalean osatu beharreko lanei dagokienez, ariketak A eta B ataletan banatuko dira. A atalean bertsolariek hiruna bertso egin beharko dituzte zortziko nagusian, txikian eta hamarreko txikian. Horretaz gain, bakarkako lanean puntua emanda bertso bi egin beharko dituzte zortziko txikian eta gero, gaia emanda, beste hiruna bertso doinu eta neurri librean.

B atalean, berriz, beste hiruna bertso abestu beharko dituzte ofiziotan, bai zortziko txikian bai seiko motzean. Bukatzeko, kartzelako lanean hiruna bertso kantatuko dituzte doinu eta neurri librean.

Ariketak ezagututa, bertsolariek beren sentsazioen berri eman zuten. Etxebarriazarragak eta Pagonabarragak ekin zioten adierazpen sortari, finalerako sailkatu diren lehen aldia baitute. Etxebarriazarragak onartu zuen berarentzat finalerako sailkatzea «sorpresa ebidentea» izan zela eta finalak bere burua bertsolari gisa aitortzeko eta bere burua «balioan jartzeko» balioko diola.

Pagonabarragak, Etxebarriko finalaurrekoko irabazleak, ere ezustean eskuratu zuen pasea: «Ez dut esango ez nuela final batekin amesten, baina ez nuen inondik inora espero aurten izango zenik».

Bizkarrak ez du estreinako finala, bigarrena baizik. Hori horrela, abadiñarrak esan zuen, aurreko finalean ez bezala, ez dagoela «lotuta eta ikaratuta». Kontrakoa, tentsio puntu batekin baina «gogotsu» dagoela.

Enbeitaren helburua egun duen titulua mantentzea izango da. Beteranoetako bat da muxikarra eta, horregatik, finalera lehenbizikoz doazenekiko inbidia puntu bat duela aitortu zuen, lehenengo finala bizitzea «sentsazio ederra» dela argudiatuz.

Lekuek, bestalde, ez du uste nagusiagoa izateagatik gainerako finalistek baino pisu edo presio handiagoa izango duenik: «Ni berdin sentitzen naiz. Konbentzituta nago larunbatean saio eder bat egingo dugula guztiok».

Uria ere beteranoen taldean sartzen da, seigarren finala izango baitu larunbatekoa. Uriak ibilbide bat, esperientzia pilatua eta «zer demostratu askorik ez» izateak lasaitasuna ematen diola azaldu zuen.

Galletebeitiak azaldu zuen berari pandemiak eta bertan bizitakoak final berri bat dela sentiarazten diola. «Pasa dena pasa eta gero, nik balio eta garrantzi handia ematen diot hona heltzeari eta Miribillan kantatzeko aukera izateari», adierazi zuen. Finalera heltzearekin pozik dagoen arren, lekeitiarrak nabarmendu zuen horrekin bakarrik ez dela «konforme sentitzen».

Amaitzeko, Ibarzabalek hartu zuen hitza eta bere nahia finalaurrekoetan baino gehiago gozatzea dela esan zuen. Horrekin batera, beteranoei dien miresmena azpimarratu zuen markinarrak eta aitortu berak ere nahi lukeela «hasierako eferbeszentzia horri» eutsi ahal izatea.

«Antolakuntza, gaitza»

Belate Olabarriak, Bizkaiko Bertsozale Elkarteko lehendakariak, azaldu zuen tentsioa egon dela txapelketaren antolakuntzan, egun batetik bestera erabaki asko hartu behar izan dituztelako eta pandemia betean guztia antolatzea «oso gaitza» egin zaielako.