Amagoia MUJIKA TELLERIA
BIZKAIKO BERTSOLARI TXAPELKETA

NEREA IBARZABAL SALEGI, TXAPELDUNA

BIZKAIAK TXAPELDUN BERRIA DAUKA: NEREA IBARZABAL SALEGI MARKINARRA. JONE URIA ETA BIAK PASATU ZIREN BURUZ BURUKORA ETA AIREAN ERAMAN ZUTEN GOIAN ZETORREN SAIOA. BERTSOZ BERTSO BRODATUTAKO TXAPELA DA IBARZABALENA, HASI ETA BUKA. URIAK ETA BIEK AMAIERA «MIRIBILLOSOA» EMAN ZIOTEN FINALARI.

Nerea Ibarzabal Salegik (Markina-Xemein, 1994) jantzi zuen atzo Bizkaiko txapela. Hirugarren finala zuen Ibarzabalek eta bertso arratsalde osoan, hasi eta buka, azken urteotan plazan pilatutako jakintza eta tenplea erakutsi zituen. Gaiei eusteko argitasuna izan zuen eta final zoragarria osatuta egin zuen txapelerako bidea.

Aparteko amaiera izan zuen Miribillako finalak. Final irekia aurreikusten zen eta buruz burukorako kinielak askotarikoak ziren. Hori bai, ia denetan agertzen zen Ibarzabalen izena. Azkenean, Jone Uria eta Nerea Ibarzabal buruz burukora. Uriak ere saioa oso erregular osatu zuen, ofizio denetan eutsi zion eta bakarkako ederra egin zuen.

Eskutik heldu eta airean

Buruz burukoa bikaina izan zen, bi txapel banatzeko modukoa. Uriak eta Ibarzabalek beren izena entzun orduko, elkarri besarkada estua eman, mahukak bildu eta lanean segitzea erabaki zuten. Elkarri eskutik heldu eta “goazen” esan balute bezala.

Zortziko txikiko gaiak jolaserako aukera ederra eman zien. Bizkaiko finalean ari ziren bertsolarien azalean jarri zituen gaiak. Nerea kantuan eta Jone ‘pinganillo’-tik bertsoak txibatzen. Komunean elkartu ziren atsedenaldian. Oso goitik eraman zuten ofizioa, bertsozalearen gozamenerako. «Ba bai sortu didazu nahiko iskanbila / baina lortu dugu ta lasaitu nadila/ etsai gogor bat daukat txapelaren bila / baina Jonek zein ote du puntu debila». Eta Jonek aparteko erantzuna, «hara galdera hortan atea jo kankan/ nik esan nahi nizuke aguanta, aguanta/ Jonek ez du sartuko berehala hanka / Maialen Lujanbio du pinganilloan ta».

Seiko motzean ere, biak bikain, gaiaren hauskortasun eta sentsibilitatea gozo-gozo hartuz. Jone etxez etxeko laguntza jasotzen duen erabiltzailea. Murrizketak direla-eta Nereak, zerbitzua ematen dionak, aurrerantzean denbora gutxiago izango duela esan dio. Nerearen bigarrena: «Sistema gogor egurtu/ zu muleta eta tutu/ hoiek ikusiz tristatzen naiz ta burua makurtu/ enuke nahi egon mutu / baina dena da enbutu/ lehen pertsona bat zinen orain hamabost minutu».

Eta buruz buruko bakarkakoan ere zoragarri Ibarzabal. Hauxe zuten gaia: topa egin eta txin-txina entzutearekin batera holan pentsau dozu: Pasau daitela pasa beharrekoa. «...gaur aspaldiko ligeak idatzi dit afaltzeko/ ta baietz erantzun diot pentsatu barik hobeto/ ze zuk eta biok zor bat dugu oraindik kitatzeko», ireki zuen bidea. Bigarrenean, txanpain botila ireki zuen, «...txanpaina edalontzian nik jada ez dakit zertan / dardara bat sentitzen dut lepazurreko ileetan / ta urrezko briz-briz hoiek txanpainaren burbuiletan/ aspaldi kilima hauek euki barik masailetan». Eta, hirugarrenean, aspaldiko ligea agurtu zuen, «...eskertzen dizut bixita egon naiz oso gustura / muxu bat eman ta agur geure ordua heldu da / berriro itzul gaitezen maite gaituzten lekura».

Jone Uriak ere buruz buruko oso ona egin zuen. Hauxe, bakarkako ariketan bota zuen lehena: «Mila mediku kontsulta/ sarritan ahul eztulka/ larogeiak pasatuta/ bizitzaren azken punta / gozatu gura nuela baina beldurra ez da nire kulpa/ pandemia baten sartu ginen behin ta ezin pandemia buka / nire barruan sarri esan dut jode pandemia puta/ ia bi urte pasatu ditut neure etxean sartuta».

Hirugarrena Etxahun Lekue izan zen. Hasierako agurrean aitortu zuenez, azken txapelketa izan da beretzat. Oso erregular eta langile aritu zen, ohikoa duenez. Final ona osatu zuen, teknikoki goitik eta argudioetan sendo.

Laugarrena, Xabat Galletebeitia. Ofizio denetan ondo aritu zen. Hamarreko txikian Ibarzabalekin ariketa dotore josi zuten. Sumatu zen elkarrekin entrenatzen aritu direla.

Onintza Enbeita izan zen bosgarrena. Sendo hasi zuen saioa. Zortziko txikian erorialdi bat izan zuen eta zama hori arrastaka eraman zuen agian. Bakarkakoan lan oso txukuna sinatu zuen, gaztain-saltzaile baten azalean.

Aitor Bizkarra izan zen seigarrena. Ofizioetan oso zorrotz aritu zen eta aparteko bakarkakoa sinatu zuen, maitasun erorialdi batean dagoen bikote bateko kidearen azaletik bertsozalearen azaleraino iritsi zen, zuzenean. Zazpigarren eta zortzigarren, Aitor Etxebarriazarraga eta Gorka Pagonabarraga, bi finalista berriak. Etxebarriazarragak apartatzeko moduko aleak utzi zituen, puntuari erantzuten bikainak. Horixe bere ertza. Pagonabarragak ere asmatu zuen finala gozatzen.