Jon ORMAZABAL
PILOTA

Aldagelan topatu dute lidergorako bide-orria

Irribarriaren freskotasunak eta Rezustaren bermeak Jakaren eraso erakustaldia neutralizatu zuten.

JAKA-MARIEZKURRENA 16

IRRIBARRIA-REZUSTA 22


Tanto bakarreko aldeaz bada ere, eta txapelketaren garai hauetan anekdota hutsa izan daitekeen arren, Iker Irribarria eta Beñat Rezusta dira Binakakoko lider berriak, Tolosan Erik Jaka eta Jon Mariezkurrenari 22-16 irabazi ostean. Baina horrek baino garrantzi askoz handiagoa izan beharko luke 2017ko txapeldunek orduko garaipen hartara eraman zituen jokoa, txapelerako bide-orria, berreskuratu izanak. Une kritiko samar batean lortu izanak, gainera, badu puntu estra bat; izan ere, Jakaren eraso erauntsia gelditu ezinik, 12-7 atzetik joan ziren lehen atsedenaldi luzera, baina handik bueltan, euren gustuko pilota batekin eta Irribarriaren freskotasunari eta Rezustaren segurtasunari –ez du alerik galdu– etekina aterata, partida irauli eta puntu garrantzitsua lortu baitzuten Tolosan.

Gorabehera ugariko partida izan zen txapelketako bosgarren jardunaldia itxi zuena, hiru zati nabarmen izan zituena. Ekin, Aspekoek ekin zioten hobeto; Aramakoari lehen pilotakadatik antzeman zitzaion pilota bizi irteten zitzaiola eskutik eta, atzean Mariezkurrenak erakutsitako zuloei etekina ateraz, 1-4 aurreratu ziren.

Azkar samar osatu zen, ordea, Berriozarrekoa eta Erik Jakak hartu zuen hortik lehen atsedenaldira arteko partida zatiko protagonismo osoa. Aspaldi ez bezalako erakustaldia eman zuen tarte horretan lizartzarrak; batez ere, txokoan egindako erremateekin. Sakeak zabalera aterata, Rezustak ez zuen nahi bezala errestatzerik izan, aukerako dezente utzi zizkion, Irribarriak ere eskuinez ezin nahi beste lagundu bere atzelariari eta sake-errematean zital aritu zen Jaka, partida irauli eta, esan bezala, lehen atsedenaldi luzera 12-7 aurreratuta.

Gidoi aldaketa

Errematean ere Aramakoari askoz gehiago kostatzen zitzaion tantoa amaitzea eta, Mariezkurrenak ere hutsik pilatzen ez zuenez, lehorte handi samarra izan zuen bikote gipuzkoarrak; atsedenaldian Jokin Etxanizekin hitz eginda edo zuzendu zuten hori, nahiz eta 10-15 galtzen ere joan ziren une batez.

Agian ez Jakak zenbait unetan erakutsitakoa bezain distiratsua, baina euren intereserako askoz joko eraginkorragoa kantxaratu zuen bikote gipuzkoarrak atsedenaldi horretatik bueltan.

Gustuko pilota bat topatu eta eta jokoa atzeratuz eta ezker paretara baztertuz –zenbaitetan koadro gehiago jotzeak baino gehiago balio izaten du pilota ezker paretara ondo arrimatzeak– jokoaren dinamika errotik aldatu zuten.

Estrategia horrekin, Jaka jokotik erabat deskonektatzea lortu zuten eta piloteoan halako alderik ez bazen ere, bi baten aurka arituta, Mariezkurrena zigortzea lortu zuten 2017ko txapeldunek, eta azkenerako nafarrak ere egindako esfortzua igarri eta berriz ere hutsak pilatzen hasi zen. Irribarria bera ere, errematera aukera hobeekin sartuz, askoz eraginkorrago aritu zen errematean, 1-11ko partzial batekin garaipen sendo bat eta jokatzeko bide-orri bat lortuz.