Arnaitz GORRITI
PILOTA - BINAKAKO TXAPELKETA

Zabaleta, «santamasetan» errege

Arrasateko partidaren hasieran Urrutikoetxeak agindu badu ere, 8-8koa eta gero ezer egiterik ez du izan etxarrendarrari aurre egiteko.

URRUT-ARANGUREN 12

ELEZK.-ZABALETA 22


«Santamasak Mondrauen» (sic). Besterik ezean, Binakako Pilota Txapelketako jardunaldiko partida behintzat izan zen atzo Uarkape pilotalekuan. Ez zuten nolanahiko harria aurrez aurre Urrutikoetxeak eta Arangurenek: iazko txapeldunak. Eta, horren erakusle, Zabaletak bere koroa erreklamatu zuenean, ez zuten ezer egiterik izan.

Sailkapen nagusian gorantz egiteko aukera bikaina zuten atzo bi bikoteek. Izan ere, irabaztekotan bigarren lekuan sendotzekoak ziren Urrutikoetxea eta Aranguren, eta, txapeldunen kasuan, behin-behinean aurreneko postua hartzekoak ziren irabaziz gero. Ezin bi bikoteek irabazi, noski, eta, azkenean, egungo txapeldunek berriz ere Binakako Txapelketa irabazteko zergatik diren faborito erakutsi zuten. Aurreneko erdian Urrutikoetxearen menpe izan baziren ere, behin zortzina berdindu ostean Zabaletak hartu zuen aginte makila eta kito! Etxarrengoak sei tanto amaitu zituen, bat dejadaz eta bost atzean, eta bakarra galdu. Horren aurrean, txalo jo eta hurrengora arte.

Hasieran 0-2 aurretik jarri baziren ere urdinak, lehendabiziko kolpe sendoa Urrutikoetxea eta Arangurenek eman zuten, aitaren batean 6-0ko partziala lortu eta 6-2 aurreratu baitziren.

Horiek izan ziren Urrutikoetxearen momenturik onenak, eta une horietan urdinek estutasunak pasa zituzten, batez ere Urrutikoetxeak sakez asmatu egin zuelako. Sabai baxu xamarra dauka, izan ere, Uarkapek, eta goiko sarera alde agin zion Zabaletari errestoren batek.

Ezin gehiago egin

Ez zuen asko iraun gorrien aldeak, sakea berreskuratzeaz bat urdinak 6-7 agintzera pasa baitziren. Markagailuan hainbat gorabehera izan eta gero, 9-12 heldu ziren lehen atsedenaldira. Zortzinakoa izan zen partidako azken berdinketa, Urrutikoetxearen aginte makila Zabaletak hartu eta berehala amaitu baitziren txapeldunen zalantzak.

Zeini leporatu behar zaio Zabaletaren aurrean amore ematea? Arangureni ez behintzat, nahiz eta azkenerako Aginagakoak zazpi pilota galdu. Urrutikoetxea saiatu zen airez eta sotamanoz partida ahal izan zuen neurrian nahasten, bere atzelariari hainbeste lan ez pilatzeko, baina erremedioa ez zen gaitza baino hobea izan. Goizago edo beranduago, Zabaletak frontisetik hurbil hartzen zituen pilotak atzean sartzen zituen, eta horren aurrean ez Arangurenek ez ia beste inork ezin gauza handirik egin.

Urdinek ohikoa duten legean, Zabaletak agindu egin zuen eta aurrean Danel Elezkanok ez zuen barkatu. Hala, atsedenalditik bueltan Elezkano II.ak eta atzelari nafarrak aldea handitzeari ekin zioten: 9-15 lehenbizi, eta tarteka Urrutikoetxea eta Arangurenek urdinen tanto ilara eten bazuten ere, egungo txapeldunek beren legea ezarri eta neurketa hautsi zuten bigarren atsedenaldira bidean (11-18). Gorrien azken ahalegina eta 12-22.

Zapatura arte behintzat Binakako Txapelketako lider izango dira Elezkano eta Zabaleta. Atzo arte lider ziren Irribarria eta Rezusta Lasoren eta Imazen aurka ariko dira orduan Eibarren.

Bengoetxearen garaipena

Bestalde, Oinatz Bengoetxeak bere azken partida jokatu zuen atzo Arrasateko Uarkape frontoian. Larunbe atzelari hartuta, Leitzako aurrelariak garaipena lortu zuen jaialdiko lehen partidan. Artola eta Aretxabaleta 22-18 gainditu zituzten gorriek, eta Leitzakoak ikusleen txaloekin esan zion agur Arrasateri.