Iraide IBARRONDO
BILBO
Elkarrizketa
MAIALEN OLABE
EUSKADIKO GAZTERIA KONTSEILUKO (EGK) PRESIDENTEA

«Gaztediaren kriminalizazioa akats bat da»

Maialen Olabe (Plentzia, 1993) Euskadiko Gazte Kontseiluko (EGK) presidentea da. Kontseiluak egun esku artean duen erronka nagusietako bat Euskal Autonomia Erkidegoko gazteen artean ezagunagoa egitea da, beraien iritzi eta kezkak biltzeko. Pandemia eta krisi garaian areagotuak, jakina.

Zein da Gazte Kontseiluak egiten duen lana, zehazki?

Kontseiluak duen lan edo helburu nagusia gazteen eta Administrazioaren arteko zubi lana egitea da. Bereziki gure iritzi, ekarpen eta proposamenak erabakitze espazioetara eramatea eta bertan gure ahotsa entzunaraztea. Azkenean, gaztedia zeharkako gai bat bezala ulertzen dugulako eta kontuan hartu beharreko proposamenak ere baditugulako.

Helburu hori aurrera eramateko baditugu lan arlo ezberdinak; enplegua, etxebizitza eta bestelakoak. Lan arlo horietan bai egiten ditugun ekimenetan bai eta lantalde egonkorretan ere parte hartu dezakete gazteek. Bai EGK osatzen duten 60 elkarteetako gazteek edo norbanakoek, gai baten inguruko interesa dutenean. Horrela, jarraitutasun batekin haien iritziak eta ekarpenak helarazteko aukera dute.

Kontseiluaren barruan 60 elkarte batzen dira, aniztasun handikoak eta izaera desberdinekoak. Nolakoa da elkarrekiko hain desberdinak diren elkarteen izenean hitz egitea?

Esango nuke ez dela lan erraza. Esan duzun bezala, gaztedia berez oso anitza da eta kolektibo edo elkarte hain desberdinak batzen ditugunean, are zailagoa da. Kontseilu bezala, askotan kritikatu gaituzte ez garelako eztabaida batzuetara heltzen. Baina zein da gure helburua? Adosten dugun diskurtsoa gutxieneko edo minimo batzuetara heltzea da. Hau da, elkarte guztiak prest dauden puntu batera heltzea. Egia da enplegu edo etxebizitza alorretan errazagoa dela akordioetara heltzea bake eta bizikidetza arloan baino. Azken finean, sentsibilizazio desberdinak daude eta gai batzuetan puntu komun gehiago topatu ahal ditugu besteetan baino. Baina nik uste dut gure helburua minimoetara heltzea dela, eta minimo horietan, gutxienez guztiok gustura eta eroso sentitzea.

Azkenean, guk partaidetza espazioak sortzen ditugunean espazio seguruak izan behar dira. Edozein pertsonak parte hartzen duenean, errespetuz eta askatasunez hitz egiteko eroso sentitu behar da. Orduan, bi oinarri horiei helduta minimoak lortzen saiatzen gara eta hortik goaz garatzen. Minimo batera heltzea motibazio bat da guretzat eta parte hartzen duten gazteentzat.

Minimo horiek direla eta, PP alderdia izan da gehien kritikatu zaituztena azken boladan, antza zenbait eraso ez «gaitzestearren»...

Bai, nik esango nuke hori egoera puntual bat izan zela. Seguruenik momentuan ez nuen behar bezala azaldu baina uste dut Twitterren eta sare sozialetan argi utzi nuela bai pertsonalki bai Kontseiluak horretaz duen posizioa. Bake eta bizikidetza alorrean ibilbide luze bat izan dugu eta jarraitzen dugu izaten eta gure helburua minimoetatik bideratzea izango da. Askotan lortu ditugu gaur egun Legebiltzarrean lortu ezin diren akordioak eta uste dut hori ere balioan jartzekoa dela.

Zein da Kontseiluak aurrean duen erronka nagusia?

Uste dut erronketako bat, oraindik ere, gazte gehiagok gu ezagutzea dela. Gure elkarteetan dabiltzan gazteek ezagutzen gaituzte baina oraindik badaude elkarteetan ez dauden gazte asko, eta horiek oraindik agian ez gaituzte ezagutzen, batez ere gaztetxoenek.

Orain dela urte batzuk 16-30 adin tartera jaitsi genuen gazte parte-hartzea. Orduan, 16-18 urte tarteko horiek oraindik hurbildu behar ditugu eta hor lan handia dugu. Bestalde, gazteen eskubideen alde borrokan, hainbat espaziotan parte hartzen, gure iritzia lantzen eta garatzen jarraitu behar dugu.

Gaztedia kezkatzen duten aferen artean (prekaritatea, genero indarkeria, etxebizitza…), zure ustez zerk du konponbide baten premia handiena?

Ez dut premia mailaren arabera lan egiten baina egia da uste dudala bizitza proiektu duin bat sortzeko behar bat dugula. Prekaritatea aipatu duzu baina prekaritatearen inguruan hitz egiten dugunean ezegonkortasun bati buruz ari gara. Azken finean, une honetan gazte askok denbora baterako lan edo enpleguak dituzte. Lan horiek denbora baterako izaten dira eta orduan berriro kalean gelditzen dira. Horrek bizitza proiektu hori garatzeko ezegonkortasun itzela eragiten du.

Gainera, etxetik irteteko orduan ere ikusten dugu EAEn batez besteko emantzipazio adina 30 urtetan dagoela. Guk esaten dugu 30 urterekin gazte izateari uzten diogula. Beraz, ea zein gazte emantzipatzen den datu hori ikusita. Niretzako hor datu oso deigarriak daude.

Horri lotuta eta genero ikuspegia txertatuta, kontuan izan behar dugu hau gazte baten egoera dela. Baina jaisten badugu emakume baten egoerara, are kaskarragoa da. Eta, migrantea bada, oraindik okerragoa. Horrela desglosatzen bagoaz uste dut kontuan hartu beharreko faktore asko daudela.

Emantzipazioaren arazoa konpontzeko edo behintzat leuntzeko zer proposatzen duzue Kontseilutik?

Enpleguari dagokionez uste dugu kalitatezko enplegua sustatu behar dela eta, horretarako, bekak, praktikak eta horrelako kontratu formulak bukatu behar direla. Uste dugu, baita ere, aldi baterako kontratuak ahal den neurrian saihestu behar direla eta enpresetan ikuskaritza areagotu behar dela langileak behar bezala daudela ziurtatzeko. Horrek ez dio gaztediari bakarrik laguntzen, denoi orokorrean baizik.

Emantzipazioari dagokionez, parke publikoa handitu eta alokairu soziala sustatu behar da. Horrek emango digu, azken finean, une honetan bilatzen ari garen egonkortasuna. Egonkortasuna, aukera duin batean, gure bizitza proiektua garatzeko.

Pandemiaren testuingurua aintzat hartuta, azken bi urteetan gazteek jaso duten etengabeko kriminalizazioaren lekukoak izan gara. Tentsio uneak ere izan dira gazteen eta administrazioaren artean. Bi hauen arteko zubi lana egiten duzuela kontuan hartuta, nola kudeatu duzue egoera?

Bai Administrazioan bai eta hedabideetan ere, gaztedia jopuntuan jarri duten eragileak egon dira. Guretzako gogorra izan dela esango nuke. Zergatik? Ikusi dugulako justu Kontseiluaren inguruan diharduten gazte gehienak, ez badira ia guztiak, boluntarioak ere badirela. Horrek suposatzen du boluntario horiek pandemian zehar lan handia egin dutela. Orduan, beste aldea bakarrik entzutea… Gauzak ondo egin ez duen jendea ikusi dugu, eta ez dira gazteak bakarrik, zoritxarrez. Ikusi dugu gizarte bezala jarrera ezberdinak egon direla eta uste dut hor hausnarketa egin behar dugula gizarte moduan, eta ez gazte edo nagusi moduan.

Uste dut kriminalizazioa akats bat dela eta horrek ez diola gure egoerari laguntzen. Jada pairatu ditugu aurreko krisiaren ondorioak eta orain pandemiaren ondorioak pairatuko ditugu. Gainera, hor beste faktore bat sartu dugu: gazteek dena gaizki egiten dugula. Orduan, horrek nola eragiten du bakoitzarengan eta pertsona norbanakoengan? Uste dut horri buelta bat eman behar diogula, guk badugula zer hausnartu, bai eta, orokorrean, gizarte moduan ere.

Legebiltzarra aipatu duzula, zuen helburua gazteen iritzia jaso eta bertara helaraztea dela azaldu duzu. Zuen lana egin ostean, entzuten dizuetela sentitzen duzu? Kasu egin eta kontuan hartzen zaituztela?

Niretzako Gaztediaren Legean egindako lana da garrantzitsuena. Horretarako ekarpen batzuk egin genituen, Legebiltzarreko talde guztiekin elkartu ginen eta ekarpen horiek aurkeztu genizkien. Gero Gaztediaren Batzordean aurkeztu genituen. Argi dago legebiltzarkide guztiak ez direla gurekin ados egongo, baina gehienek oinarritzat hartu dituzte, ostean egin dituzten ekarpenetarako. Beraz, niretzako hor argi geratzen da guk ekarpen batzuk egiten ditugula eta gero kontuan hartzen direla. Gaztediaren Legean asko izan dira txertatu direnak eta hori adibide bat izan daiteke.

Beste arlo batzuetan, uste dut oraindik bidea dugula egiteko. Honek ez baitu esan nahi leku guztietan entzuten gaituztela. Ez da Administrazioaren kontua bakarrik, enpresa pribatuen kontua ere bada. Azkenean, gaztedia zeharkako gai bat gara, edozein esparrutan landu behar dena, eta oraindik espazioak gelditzen zaizkigu, zeinetan gure iritzia oraindik ez den garrantzitsua. Baina esango nuke gero eta gehiago entzuten gaituztela eta bide onean gaudela horretarako.