GARA
ESKORIATZA

Xanti Iparragirre hil da, herrigile, errepresaliatu eta bertso eskolen sortzailea

Xanti Iparragirre Perurena zendu da. Abertzalea, errepresaliatua, Euskal Herriari lotua eman du bizia. Marixol Iparragirreren aita, bertso irakaslea, «gure Xanti handia», doluminetan errepikatzen zenez.

1934an Errenterian jaio eta 2022a estreinatzearekin batera Eskoriatzan zendu zen Xanti Iparragirre Perurena. Militante umil eta nekaezina, iheslari politiko ohia eta bertso eskolen sortzaileetakoa, baserrian hil zen atzo goizean, aitzineko egunak ospitalean eman eta etxera ekarri ondotik. Azken agurra bihar eginen diote, 19.00etan, Eskoriatzako elizan.

Marixol Iparragirre euskal preso politikoaren aita zen, eta alaba kartzelatik etxera eraman zuten agurtzeko.

«Gu ez gara berriak, gu betikoak gara eta betiko amets horren atzetik ibiltzeari ez diogu inoiz utziko», erraten zuen Iparragirrek, Mikel Ibarguren idazleak 2013an GARAko Jopuntuan jaso zuenez.

Dena arrotz, beldurgarri

Errenteriako Añarbe auzuneko Añarbe baserrian jaio zen. Ama Goizuetakoa zuen eta aita, Oiartzungoa. Hamar anai-arrebatatik zazpigarrena zen. «Gertueneko herria Errenteria genuen, eta zaldia edo mandoa sokatik hartuta hiru ordu behar izaten ziren. Oinez, bi ordutik asko gehiago gabe sartzen ginen. Garai hartan oso urruti ikusten nuen handik kanpokoa eta gainera beldurgarri», kontatu zion Amets Arzallusi 2004an “Argia”-rako egindako elkarrizketan.

Ahotsak.eus-en kontatu zuenez, eskolara joateko aukerarik ez zuen izan. 16 urtera arte etxean lan egin eta gero, basolanean hasi zen, ikatza egiteko egurra botatzen eta prestatzen.

Eskoriatzara ezkondu zen 1959an eta bost seme-alaba izan zituen. Inoiz bertso eskola bat zapaldu gabea izan arren, Patxi Goikolea eta Juanito Akixorekin batera, aitzindari izanen zen haurrentzako bertso eskola abiatu zuen Eskoriatzan: Almen. Bertan, bertsoa maitatzen eta lagunak babesten ikasi zuten, besteak beste, Arantzazu Loidik, Aitor, Iñaki eta Jon Sarasua anaiek, Felix Iñurrategik eta Ainhoa Agirreazaldegik.

Iparraldean errefuxiatuta

1981ean Iparraldera errefuxiatu behar izan zuen eta geroztik zuloz zulo ibili zen, 2003an EHNArekin Eskoriatzara bizitzera itzuli zen arte. “Biziaren Azala” liburuan, prosan eta bertsotan, jasoak ditu bere esperientziak.

2008an Amets Arzallusek irabazi zuen lehenengo Xilaba eta Xanti Iparragirrek jantzi zion txapela.

Hamaika dolumin mezu zabaldu ziren atzo sareetan. Bertsozale Elkarteak esker ona adierazi zion bertsolaritzaren alde egin zuenagatik. «Gizon haundia, irripar haundia, txapel haundia, bihotz haundia, haundia Xanti», baieztatu zuen Jon Maiak.

EH Bilduko Arnaldo Otegik ere izan zuen gogoan: «Herritarra eta herrigilea, euskalduna eta abertzalea. Ohore bat izan da bidearen zati handi bat zurekin partekatzea».