Jon ORMAZABAL
PILOTA

«Ez dut ezer disfrutatu eta buelta emateko unea da»

Peña-Albisuren aurka izorratu zitzaion eskuina Mariezkurrenari eta orain hasi zaio buelta ematen nafarra.

«Ez gaude oso gaizki, baina ezta ondo ere». Jon Mariezkurrenaren arrazoibidea ez da batere zientifikoa, baina primeran islatzen du Berriozarkoaren eta Erik Jakaren egoera aurtengo Binakakoan. Hiru garaipenekin, azken bi postuei ihes egiteak euren eskuetan jarraitzen du eta bigarren postua bi puntura baino ez dute. Hori bai, sentsazioak ez dira onegiak izan lehen zortzi partidetan, batez ere atzelari nafarrarentzat. Bere txarrean, diagnostikoa oso da argia, Mariezkurrenaren eskuin indartsu horretan izan dituen arazoetan izan da bikote honen zulorik handiena eta duela bi aste atseden eman ostean, bere onera datorren zantzuak agertu zituen aurreko astean.

«Konfiantza egun batetik bestera galtzen da, euren aurka jokatu genuenetik –Peña-Albisuren aurka lehen jardunaldian– bi hilabete batere konfiantzarik gabe ibili naiz, kantxara irteten nintzen eta mina nuen, tako asko jarrita jokatu dut, ez dut batere disfrutatu eta buelta emateko unea da», azaldu zuen Mariezkurrenak atzoko material aukeraketan.

«Orain arte nire eskuaren egoera zama handia izaten ari da, hilabeteak daramatzat kantxan disfrutatu gabe eta aurreko partidan gutxienez gustura aritu nintzen, pilotakada onen bat jo nuen. Astebetez geratzearekin asmatu genuen eta pixkanaka gorantz egingo dugula uste dut, Erik sasoiko dago», gaineratu zuen Berriozarrekoak.

Izan ere, gora begira jartzeko, horixe behar dute, bikote bezala batu eta biek, behingoz, partida on bat jokatzea; igande honetan bada, are hobeto, aurkari zuzen batzuen aurka arituko direlako.

Konfiantza faltan

Jon Ander Peña eta Jon Ander Albisuren kasurako ere balioko luke Mariezkurrenaren hasierako esaldiak, azken bi partidak irabazita arnasa hartu badute ere, lehen itzuliko sentsazioak, baita ozta-ozta irabazitako azken bi partidetakoak ere, ez baitira onenak izan. «Ez gaude partida onak egin ditugula esateko moduan; azken bietan hastea kostatu zaigu, bai behintzat niri. Zalantzekin hasi nintzen eta erditik aurrera zuzendu nintzen arren, ea ondo hasi eta partida oso bat egiten dugun. Konfiantza puntu hori falta zaigu, partidara lasaiegi bezala sartu gara eta alderantziz egin beharko genuke, tentsio askorekin sartu, hasieratik pilota gosez», azaldu zuen Jon Ander Albisuk.

Baikoko bi jotzailerik handienak arituko dira nor baino nor igandean, non eta atzelarien lana bereziki erabakigarria izaten den Ogetan; hortaz, atzeko lehia horretan nagusitzeak berebiziko garrantzia izango du, bi aurrelariak heltzen zaizkien aukerak amaitzeko egongo dira eta.

«Zaila izango da dominatzea, Jonek atzetik erraz kentzen du pilota eta ea partida serioa egiten dugun. Dominatzen duen atzelariaren aurrelariak tantoak amaitzeko erraztasunak izango ditu eta ni saiatuko naiz pilota baztertzen, Jon ezkerrez sartzen ahalegintzen», gaineratu zuen atzelari ataundarrak.

Pilotekin ez zen inolako arazorik izan eta bi bikoteak aurrera pauso handia emateko ilusioz agertu ziren.

Inork ez du atzera geratu nahi Buñuelen

Erriberan ekingo zaio Binakakoaren bederatzigarren jardunaldiari, Buñuelen zehazki, printzipioz helburu desberdinak dituzten bi bikote izan arren atzean geratu nahi ez duten Urrutikoetxea-Aranguren eta Laso-Imazen arteko demarekin.

Bizkarreta-Gerendiaingoak eta oiartzuarrak osatutako bikotea bigarren posturako lehian bete-betean sartuta dago. Azken hiru asteetan Eibarko Astelenan partida gogor eta ikusgarriak jokatu ostean, Nafarroako hegoaldean dagokie euren bigarren postua defendatzea. Sasoiko helduko dira partida honetara eta faborito gisa irtengo dira, Lasok partidak aldatzeko erakutsi duen gaitasuna eta Imazen freskotasuna kontuan hartuta.

Lau punturekin, Urrutikoetxea-Arangurenen txapelketa ere bikaina izaten ari da eta azken bi postuei ihes egiteko funtsezkoa lukete Buñuelen irabaztea. Horretarako, Zaratamokoak duela aste batzuetako maila bikaina erakutsi beharko luke berriz. Gaitasuna badu. J.O,