GARA
IRUÑEA

Italiako nobela beltzari adi egongo da Iruñea

«C'era Una Volta... Il Giallo» («Bazen behin... nobela beltza») lemapean hasiko da datorren astelehenean Baluarten «Pamplona Negra» jaialdiaren zortzigarren edizioa, Italia herrialde gonbidatu dela. «Noir» generoa oinarri duen hitzorduan, idazleak, ikertzaileak –benetako poliziak barne– eta Montalbano komisarioaren «unibertsoa» izango dira protagonista.

2021eko edizio berezi eta berantiarraren ostean, noir zinema eta literaturari eskainitako “Pamplona Negra” Iruñeko jaialdiak hirian zeharreko antzeztutako ibilaldiak eta gastronomia beltzarekin hitzordua berreskuratuko ditu aurten. Kriminologiari buruzko mintegiak ere presentzialak izango dira berriro (Aingeru Epaltzak “Hilotz bat Argako bidean” izenekoa eskainiko du astelehenean).

Beraz, “Pamplona Negra” jaialdiaren zortzigarren edizioak normaltasunerantz urratsak egingo dituela esan daiteke. Urtarrilaren 17tik 22ra egingo da, eta, herrialde gonbidatua Italia denez, Madrileko Istituto Italiano di Cultura eta Italiako enbaxadaren babesa izango du.

Ez dira faltako ohiko atalak, “Krimena eszenara” kasu –zinemako fikzioa eta telesailak aurrez aurre jarriko dituzte bertan–, ezta jatorrizko bertsioan eskainiko diren zinema beltz italiarreko filmen emanaldiak ere. Mahai inguruak eta genero beltza lantzen duten idazleekin elkarrizketak ere izango dira. Horrez gain, Irene Rodriguez Aseijas madrildarra (“El chico del cartón de leche”) eta Ibon Martin donostiarra (“La isla de las gaviotas”) Iruñean izango dira Paco Camarasa saria jasotzen.

Iaz bezala, 18.00etatik 20.00etara izango dira hitzordu nagusiak, mahai inguruak eta “Krimena eszenara” atala kasu. Streaming bidez ikusi ahal izango dira zuzenean eta doan jaialdiko Youtube kanalean.

Bitxikeriak ere izango ditu jaialdiak. Horren erakusle izango dira nafar egileen fikziozko lau krimeni buruzko antzezlanak –tartean Navarro Villosladaren “Amaya o los vascones en el siglo VIII”– eta Montalbano komisarioaren nobeletan oinarritutako hitzordu gastronomikoa.