GARA
DONOSTIA

Larrun ikastetxea inauguratu dute Urkulluk eta Roussetek Donostian

Euskaraz eta frantsesez murgiltze eredua eskaintzen duen Donostiako Larrun ikastetxea ofizialki inauguratu zuten atzo. Irekiera ekitaldian Iñigo Urkullu EAEko lehendakaria eta Alain Rousset Akitania Berriko presidentea izan ziren, Bidasoaren bi aldeetako erakundeetako beste ordezkari batzuekin batera. Zentroak 2020ko irailean ekin zion Haur Hezkuntzako klaseak emateari, baina, covid-19aren pandemiaren ondorioz, inaugurazio ekitaldia urtebete pasatxo atzeratu behar izan zuten.

Donostiako Larrun eskolak euskara eta frantsesezko murgiltze eredua eskaintzen die haurrei. Hala ere, ez da Euskal Herrian eredu hori eskaintzen duen lehen ikastetxea, Arnegin (Nafarroa Beherea) ezaugarri metodologiko bertsuak dituen eskola bat baitago.

Murgiltze eredua

Ikasleek irakasle erreferente bana dute frantsesez eta euskaraz, bi hizkuntzak naturaltasunez menperatzeko xedez. Hori horrela, umeek irakaslea eta hizkuntza txandakatzen dute egunero: egun batean irakasle batekin egiten dute lan (beren hizkuntzan) eta hurrengo egunean bestearekin aritzen dira.

Haur hezkuntzan, haurrek eredu elebiduna dute oraingoz (euskara eta frantsesa), eta, lehen hezkuntzara iristean, hirueledunari ekingo diote, gaztelania gehituta. Uneotan 2 eta 4 urte arteko 75 ikasle ditu eskolak, eta zazpi behargin. 2022-2023 ikasturtean Haur Hezkuntzako etapa osoa (2 urtetik 5era) eskainiko du, eta hurrengo ikasturtean Lehen Hezkuntzako lehen maila irekiko du.