Julen Murgoitio
ZORROZTARRIA

Lan gutxiko erreforma

A zer kristoa sortu den beheko Estatuko lan erreformarekin! Kristok berak ulertuko balu sikiera! Total, ea aditu dudan: hango gobernuko ezker koalizioak hitza eman zuen eskuinak ezarritako lan araudia indargabetuko zuela, erreforma bidez gabetu ere, horretarako gobernu zentral hura mantentzen duten periferiako indar subiranistak aintzat hartuta. Eta? Bada, azkenean, zezen-larruko Estatua lan harremanen esparru bakartzat hartuta, langileak kaleratzeko beherapenak mantenduta eta euren esparruko piramidearen hiru erpinak Troika batean bilduta, alehop!, lan erreforma kapelatik atera dute!

Ez dakit nik ba, ez naiz magian aritua, baina, han-hemengo patronala ikusita sinatutako dokumentua miazkatzen, zer pentsatua ematen dit; are gehiago, kapelan zen untxi gizajoaren geroak kezkatzen nau, makroetxalde batean amaituko? Ama, ama! Dakidana da, ostera, ez garela iraganeko «erreforma ala haustura» behin betiko hautaketa egin beharreko une hartan (portzierto, etorkizuna ez da izan iraganean uste genuen hura), baizik eta erreformaz erreforma eraldaketa posible egiteko bidean ari garela… Nork bere piramidea!

Baina erreformetan pragmatismoan bezala gertatzen da, badela mugatu eta mugatzailea dena, batetik, eta eraldatzailea dena, bestetik. Amen! Eta «erreforma» izenaz han aurkeztu duten horrek ez dirudi lan handirik eman dienik. Hortaz? Hango izena eta hemengo izana, erreformetan ere. Erre ke erre formak aldatu behar dira, are politikan, are gehiago ezker esaten den horretan. Horra, kasuko, Euskaltzaindia, kapaz izan dela bere hiztegian forma berriak sartzeko!

Total, antigenoen inguruko zurrunbilotik ordu batzuetan askatzeko balio izan dit 360 graduko erreforma horrenak. Eta orain afaltzera noa, ondoko etxalde bateko haragia, bazkaltzeko arrantza estentsiboko arraina, hartu dut eta! Txotx!