BILBO

Desjabetzeen drama irudikatuz salatu dute Barakaldoko kasua

Desjabetze batek eragin dezakeen kalte psikologiko zein fisikoa irudikatzeko performance bat egin zuten, atzo, Argitan eta Berri-Otxoak plataformako kideek Alokabideren egoitzaren aurrean, Bilbon. Antzezlanaren bitartez, indarkeria matxistaren biktima den emakume barakaldarraren kasua salatu zuten. Izan ere, hiru adingaberen ama etxegabetzeko aginduak aurrera jarraitzen du eta, ezer aldatu ezean, urtarrilaren 31n kaleratuko dute.

Indarkeria matxistaren biktima eta hiru seme-alaba adingaberen ama den emakume barakaldarraren kaleratzearen aurkako mobilizazioek ez dute etenik. Atzo Alokabideren egoitzaren aurrean izan zen kontzentrazioa, Bilbon, eta performance baten bitartez, desjabetzeen drama gordinki irudikatu zuten Argitan elkarte feministako eta Berri-Otxoak gizarte bazterketaren aurkako plataformako kideek.

Argitan eta Berri Otxoak hainbat aldiz irten dira kalera emakume honen kasua salatzeko: joan den astelehenean Barakaldoko Justizia Auzitegiaren aurrean elkartu ziren eta orain dela astebete, kaleratze arriskuan dagoen emakumearen etxearen atarian. Hala eta guztiz ere, Berri Otxoak plataformako kide Sheila Fernandezek atzo azaldu zuen azken egunotan instituzioek ez dietela inolako erantzunik eman eta, ondorioz, urtarrilaren 31ko goizean (9.15ean) egitekoa den kaleratzeak aurrera jarraitzen duela.

Bestalde, etxegabetzeen aurkako protokolo bat egon arren, horri ez ikusiarena egitea leporatu zion Fernandezek administrazioari: «Badago legeria honelako kasuak ekiditeko. 2013an etxegabetzeak saihesteko protokolo bat zegoen, 2019an berrikusi eta berriztu zen, baina berdin da zer araudi dagoen. Kasu hauek agertzen direnean protokoloak ez dira betetzen eta ez dago inolako erantzunik Administrazioaren aldetik».

Fernandezek ez zuen ezkutatu Barakaldoko Udaleko gizarte zerbitzuekin izandako desengainua: «Konturatu gara Barakaldoko Udaleko gizarte zerbitzuek ere ez dutela beren betebeharra betetzen mota honetako egoeretan».

Izan ere, emakume honek bere erasotzailearekiko aldentze agindua indarrean dauka oraindik, «emakume honek zaurgarritasun txosten bat dauka bere egoera salatuz. Iaz, Udalak behin-behineko errekurtso bat eman zion indarkeria matxistaren biktima zelako, baina ez diote etxebizitza duin bat ematen», arbuiatu zuen Berri-Otxoak plataformako kideak.

Kaleratzearen biktima honi gelditzen zaizkion bitarteko juridikoen inguruan galdetuta, Fernandezek «guztiak agortuta» dituela jakinarazi zuen.

Amaia Egaña gogoan

Hedabideei egindako adierazpenetan, Fernandezek gogorarazi zuen 37/2020 Errege Lege Dekretuak, abenduaren 22koak, autonomia-erkidegoak zaurgarritasun egoera egiaztatuan dauden pertsonei berehala beste bizileku bat bermatzera behartzen dituela. Beste bizileku bat esleitu ezean, legearen esanetan, kaleratzea geldiarazi beharko litzateke.

«Guk salatzen duguna da etxebizitza aukera bat egonez gero, Udalak eta Alokabidek emakume honi bertarako sarrera erraztu beharko lioketela. Are gehiago, bere kargu hiru adingabe dituenean», deitoratu zuen.

Hori horrela, elkarretaratzean Amaia Egaña barakaldarraren kasua ekarri zuten gogora. Egañak bere buruaz beste egin zuen 2012an etxetik kaleratua izatekoa zenean.