Estibalitz EZKERRA
Literatura kritikaria

Bisak (I)

No Friend but the Mountains” (Lagunik ez mendiak salbu, 2018) liburuan Australiako Gobernuak Papuako Manus uhartean kudeaturiko etorkinentzako atxiloketa zentroan bizi eta ikusitakoa azaltzen du Behrouz Boochani kazetari irandar kurduak. Sistema kiriarkal gisa –teoria feministatik harturiko kontzeptua berau– deskribatzen du Boochanik atxiloketa zentroa. Hau da, jazarpen eredu ezberdinak gurutzatzen dira bertan, eta jazarpena berariaz egindakoa da, presoak isolatu, haien morala birrindu eta etsipena eragiteko. Bere izaera kolonialarekin lotzen ditu Boochanik Australiaren immigrazioaren gaineko politikak; funtsean, ez dio indigenei indarrez lapurturiko lurretan eraikitako presondegi kolonia izateari utzi, nahiz eta atxilotutakoen profila aldatu egin den. Asilo bila heldu zen Boochani Australiara 2013an eta segituan Manus uhartera eraman zuten preso. 2017an Australiako Gobernuak Manuseko zentroa itxi, eta uhartean bertan den beste zentro batera eraman zuten kazetaria ehun bat lagunen artean. Bi urte geroago Port Moresbyko zentrora bidali zituzten. Australiako Gobernuak Boochaniren asilo eskaerak atzera bota zituen. Paradoxak zer diren, 2019ko abuztuan Australiako literatura sari nazionala jaso zuen Boochanik bere liburuagatik, biografia kategorian. Urte horretako azaroan Aotearoan (Zeelanda Berria) hitzaldi bat emateko hilabete bakarrerako bisa eman zioten. Hara heldutakoan geratzea erabaki zuen.