GARA
IRUÑEA

Larrialdietako medikuen %80 kutsatu dira jadanik covidarekin Nafarroan

Larrialdietako Medikuntza Elkarteko presidente Iñaki Santiagok covidaren kutsatze gaitasun ikaragarriaren inguruko datu berri bat eman zuen atzo: herrialde horretan larrialdi zerbitzuan lan egiten duten medikuen %80 birusarekin kutsatu dira dagoeneko.

Hedabideen aurrean egindako agerraldian, Santiagok adierazi zuen kutsatze tasa altu horrek gainerako medikuen artean txandak bikoiztea eragin duela, daukaten lanari erantzun ahal izateko.

Larrialdien erabilera okerra

Larrialdietako medikuen ordezkariak zerbitzu honen garrantzia nabarmendu zuen, jende askorentzat osasun sistemarako «atea» baita, eta azaldu zuen une honetan 120 profesionalek lan egiten dutela Larrialdietan, horietatik 50 inguruk Iruñean. Ildo horretan, aipatu zuen ZIUak eta lehen arreta «goraino» daudela baina Larrialdietan ere lan karga handia daukatela, eta horri buruz aipamenik ez dela egiten.

Egungo egoeraz, eta betiere covidak eragindako krisiari begira, ospitaleratzeen malda «egonkortu» dela eta motel bada ere beherantz egiten hasi dela azaldu zuen Santiagok, baina pandemiaren une honetan Larrialdi zerbitzuaz askotan egiten ari den «erabilera okerraz» ohartarazi zuen. Aipatu zuenez, jende askok Larrialdietan bilatzen du «beste leku batzuetan ematen ez dieten erantzuna», eta, horren ondorioz, beraiei ez dagozkien kasuak heltzen ari zaizkie. Erabilera oker hori egitearen ardura nork daukan ez dakiela gaineratu zuen.

Elkarteko presidenteak esan zuen pertsona askok profesional batek emango dion lasaitasuna bilatzen dutela, baina badago ere «goizeko ordu bietan heltzen dena diskoteka batera sartu ahal izateko test baten bila».

Zerbitzuaren aitorpena

Nafarroako Larrialdietako medikuen ordezkariak gogora ekarri zuen, halaber, urteak daramatzatela Osasun Ministerioari zerbitzu horren espezialitatea aitortzeko eskatzen, «Larrialdietako medikuen artean daukagun formakuntza heterogeneoa delako». Alde horretatik, kritikatu zuen orain arte medikuek beren kabuz bilatu behar izan dutela formatzeko modua, aisialdirako tartean eta «denbora hori familia edo lagunei kenduz». «Ni Larrialdietan espezializatutako medikua naiz, 30 urte daramatzadalako lan horretan, eta hori aitortzea nahi dut», gaineratu zuen.

Larrialdietan lan egiten duten mediku gehienak familia-medikuak direla azaldu zuen Santiagok, mediku horiek ezagutza orokorra dutelako, baina esan zuen ez dutela zerbitzu zehatz horretan lan egiteko beharrezkoa den formakuntza zuzena.