GARA
sana

Ehun presotik gora hil dira Yemengo iparraldean huthien gotorlekuaren aurkako aire-erasoan

Gurutze Gorriak jakitera eman duenez, ehundik gora preso hil dira Saudi Arabiak zuzentzen duen koalizio militar sunitak Yemen iparraldeko Saada probintzian bart kartzela baten aurka egin zuen aire-erasoan.

Saada probintzia huthien gotorlekua da. Zaidi gutxiengo xiitan sortu zen huthien mugimenduak, 2014an matxinatu, eta Sana hiriburua hartuta boterea eskuratu zuen. Ordutik hona, egun munduak bizi duen ezbehar humanitariorik larriena eragin duen gerra pairatzen ari dira yemendarrak. Gurutze Gorriak dei egin du «zibilen bizia eta oinarrizko zerbitzuak, ospitaleak, eskolak eta kartzelak babestera».

Saudi Arabiako Defentsa ministroak, Turki al Malkik, ukatu egin du bere hegazkinek eraso hori egin izana. Hala ere, ziurtatu du Saadako atxiloketa zentroa ez dagoela NBEren bonbardatu ezinezkoen zerrendan. Are gehiago, Gurutze Gorriak ere ez omen die inoiz ohartarazi zentro hori ez erasotzeko, militar saudiak gaineratu duenez.

Arabiar Emirerri Batuek ez dute txintik esan aire-eraso odoltsuaren inguruan, baina huthiak jomugan ditu azken egunetan. Izan ere, aste hasieran Abu Dhabi Emirerrietako aireportuari eta industrialde bati eraso egin zioten huthiek droneak erabilita. Hiru hildako izan ziren.

Yemengo hegoaldeko milizia subiranistak erabilita, Emirerriek berezko agenda aurrera eraman dute azken bi urteotan, Saudi Arabia haserrearaziz. Hala ere, azkenaldian bakea sinatu dute Abu Dhabik eta Riadek Yemenen elkarrekin gerra egiteko.