Julen Murgoitio
ZORROZTARRIA

Mapari begira

Tentsio militarrek badute gauza bat ona, geografia berrikastera behartzen gaituztela! Ni behintzat hola ibili naiz azken egunotan, tartean-tartean, mapamundian murgilduta, herrialde zer hori non dagoen gogoratu gurarik … Kontuak atera, ez dut ba eskegi munduko mapa handia komunean! Bai, badakit, geroko mapa ez da egungoa bezalakoa izango, muga berriak izango dira, kolore gehiago, hizkuntza gehiagotan eta… gauzak ondo bidean mugak irekiak izango dira; are gehiago, ibaiak badira.

Non nengoen ni? A, bai! Ukraina! Mugak bero, negu gorriaren erdian. Aliatuak alde bietan, kontrako aliatuak, nork bereak. Total, tropak tropelean alde banatan, puntako teknologiako armamentu erakusketa ikusgai, hor goian orbitatzen ari diren kamera zelatarien objektiboa asetzeko beste. Lurrean Itsaso Beltza lekuko. Ez dakit nik beltza izatearena ote den bazterretatik isuritako petrolioagatik… eta gasagatik. Izan ere, gas-hodiak dira hango lurraldeetako zain-sistema berria, beste batzuentzako odolbide. Eta zaindu behar dute aliatu guztiek. Gasa edozertarako dute beharrezko, izan manifetan negar-eragile, izan gerratean ziape-gas… egia esanda, gasen artean benetan “noble” izatekotan… urria da.

Eta pandemiara bueltan. Gero eta nahasiago daukat errealitatekoa eta nire ametsetakoa. Horra, lehen arretaren aldeko manifa bat ez du Jaurlaritzak baimendu Ertzaintzaren brigada mugikorreko beltzen artean izandako kutsatze kopuru handiagatik. Ametsa ote? Artalde immunitatearena ere nahastu egiten zait gure beheko Estatuko autonomiaren batean den hauteskunde kanpainan ikusitakoarekin. Lehenengo aldiz, nago ni, zerrendaburuak behiak direla, kartelei erreparatuta sikiera. “Abeltzaintza ala Komunismoa” diote han, “Komuna ala Bideta” esango nuke nik… Ene, ene, beti amaitzen dut komunean, baina orain mapari begira!