Andoni ARABAOLAZA
KARAKORUM

Neguko big-walleko jarduerak dimentsio berri batean sartu dira

Joan den abenduan, 11 eguneko lana egin eta gero, Damian Bielecki eta Marcin Tomaszewski poloniarrek Uli Biaho Gallery izeneko hormatzarrean «Frozen fight club» bidea sortu zuten. Protagonistok 780 metroko marran A3 eta M9 zailtasunak gainditu zituzten.

Iragan abenduan, Damian Bielecki eta Marcin Tomaszewski poloniarrek Uli Biaho Gallery izeneko hormatzarrean (Karakorum) egin zuten jarduerak neguko big-wallari dimentsio berria eman dio. Zirrikitu guztietatik begiratuta, protagonistok zabaldutako “Frozen fight club” bideak leku berezia hartu du. Hamaika eguneko lanen ondoren, 780 metro berri zabaldu zituzten. Gainditutako zailtasun teknikoak, berriz, honakoak izan ziren: A3 eta M7. Hori gutxi balitz, Karakorumeko muturreko baldintzak jasan zituzten: elurra, haizea eta -32 graduko tenperaturak.

Hori irakurri ondoren, argi eta garbi geratzen da poloniarron eskaladak ukitu garrantzitsua duela. Jarduera hori ez dugu zortzimilakoetan une honetan dauden espedizioen jarduerekin alderatuko. Hori ez da bidezkoa. Alabaina, 4.500 metrora dagoen horma horretan eginiko abenturak azalpen bat behar du. Zailtasun handiko big-wallak zabaltzen direnean, badakigu lan hori oso estatikoa dela. Horrekin esan nahi dugu sokaburuak tarte txiki bat irekitzeko denbora luzea ematen duela. Eta, jakina, aseguratzen ari den kidea geldirik egoten da. Bada, horri neguko baldintza horiek (elurra, haizea eta muturreko tenperaturak) gehitzen badizkiogu, zaila da jabetzea eskalatzaileok bizi izan zuten esperientzia nolakoa izan zen. Irudikatzea zaila da oso.

Berez, eskalatzaileon espedizioa ez zen ondo hasi; izan ere, hiru eskalatzaileetatik batek, Pawel Haldasek, Uli Biaho mendilerroan dagoen murru horretara ezin zuen bidaiatu. Covid-19arekin lotutako agiriak ez zituenez, aireportutik atera gabe geratu zen. Hala eta guztiz ere, Bieleckik eta Tomaszewskik aurrera jarraitzeko erabaki irmoa hartu zuten. Berez, Shipton Spire izeneko erpinean marra berri bat sortu nahi zuten, baina, hormaren azpira heldu zirenean, ohartu ziren baldintza kaskarretan zegoela eta izaera horretako big-wall batean sartzeko denbora gutxi zutela.

Uli Biaho Gallery izan zen bigarren asmoa, eta aipatu dugun bezala, hamaika eguneko lan gogorra egin eta gero, “Fronzen fight club” zabaldu zuten. Hain zuzen ere, murruaren ipar-ekialdeko isurian. Kapsula estiloan jardun zuten; hots, hamaika egun horietan paretan zintzilik egon ziren. Hozkailu horretan bizi izan zutenaren inguruan, Tomaszewskik honako laburpena egin du: «Metro bakoitza gainditzeak asko eskatu zigun; besteak beste, zailtasun handietan barneratu ginelako. Hori zen espero genuena, eta, beraz, aitzakientzako lekurik ez zegoen. Hori dela eta, ireki dugun marrari ‘Borroka izoztuaren taldea’ deitu diogu. Gainera, benetako neguko jarduera izan da: abenduaren 5ean hasi eta 16an bukatu genuen».

Bestalde, eskarmentu handia duten eskalatzaileok erabili zuten estiloari azpimarra egin behar zaio. Sortu zituzten 16 luzeetan 9 parabolt soilik jarri zituzten; den-denak rappelak egiteko eta petateak igo ahal izateko.

Itzala eta hotza

Bitxia bada ere, espedizioaren nondik norakoak azaldu baino lehen, aipatuko dugu lehen urratsak nolakoak izan ziren. Nahiz eta herrialde berekoak diren, elkarrekin lehen esperientzia izan zuten. Bieleckik era honetan kontatu du euren arteko aurkezpena: «Duela urtebete Marcinek deitu zidan. Bere Facebook-ean erronka baten berri iragarri zuen, eta esan nion saiatuko nintzela. Tatra mendietan ‘Ostatni Mohikanin’ bidea (A3) hainbat lagunekin errepikatu nuen. Eta erronka gainditu genuenez, Marcinek garagardo kutxa bat oparitu zigun. Hori zen saria. Ondoren, Shipton Spiren egin behar zuen espediziora batzeko eskatu zidan. Baiezko erantzuna eman nion, baina esan nion joan aurretik elkarrekin gehiago eskalatu behar genuela eta Pawel taldera batu behar zela. Urrian Grandes Jorasses-en eskalatzen izan ginen. Den-dena ondo joan zen. Marcin goi mailako eskalatzailea da, eta, eskarmentu handia duenez, espedizio horretan nire ‘zaintzailea’ izango zen. Errespetu handia diot, eta neure buruari esan nion estresik gabe jardun behar nuela. Berez, nahiago dut estilo alpinoan jardun, baina eskalatzaile osoagoa izateko eskalada artifiziala indartu behar dut. Espedizio honek hori guztia emango zidan. Eta eman dit. Niretzat Karakorumen bizi izan dudana berria zen. Baieztatu behar dut esperientzia aberatsa izan dela, eta Marcinek asko irakatsi didala».

Tomaszewskik, bestetik, adierazi du Uli Biaho Gallery B plana izan zela, baina, halere, oso gustura dagoela hartutako erabakiarekin: «Murru hori ederra da. Ondo aztertu ondoren, ageriko marra bat hautatu genuen, eta, zailtasun teknikoei dagokienez, oro har eskalada gogorra izan da. Zorte handia izan dugu, eta ez dugu akatsik egin».

Baldintza zailak

Eskalatzaile poloniar honek zailtasun teknikoei erreparatu die, eta bide batez izan zituzten baldintzei azpimarra berezia egin nahi izan die: «Karakorum oso zorrotza ezagutu dugu. -32 graduko tenperaturak izan genituen, eta giro horretan lan egitea ia ezinekoa gertatzen zen. Paretak ipar-ekialdera ematen duenez, eguzki-izpiek minutu batzuez baino ez gintuzten bisitatu. Bagenekien muturreko hotza eta hormatzar laiotz batean jardungo genuela. Pareta eguteran egongo balitz, argi dugu beste kirol bati buruz hitz egin beharko genukeela: baldintza ezberdinak, eskaladaren espezifikotasuna, lo-zakuak lehortzea... Bestelako mundu bat da. Baten batek aurpegiratuko digu negua abenduaren 21ean hasi zela, eta pare bat aste lehenago hasi ginela gure jarduerarekin. Data ofizial horregatik borrokatu nahi duenari esan nahi diogu prest gaudela gure esperientziaren berri emateko».

“Frozen fight club”-en Bieleckirekin eginiko lanaren inguruan, Tomaszewskik esan du hartutako erabaki guztiekin pozik dagoela: «Talde lana perfektua izan zen. Gai horretan ez dut zalantzarik. Izaera honetako neguko jarduera bat egiteko, Damian eskalatzaile bikaina da. Nahiz eta baldintza eta garaiera horretan lehen esperientzia izan duen, oso ondo egokitu da. Bere lehen big-walla nota altuarekin gainditu du. Alpinista osoa da, eta pioletak eta kranpoiak erabiltzen espezialista handia da. Bidearen goialdean dagoen M7 mailako luzea dotore igo zuen».

Hori guztia esan eta gero, protagonista honek azterketa berezia egin nahi izan du abenduan eginiko jarduera horren inguruan: «Ez nago ziur, baina nortasun horretako neguko big-wall batean gu izan gara lehenak Karakorumen. Agian, modalitate horretan bide berri bat zabaldu dugu. Mendi garaiak neguan igotzen gero eta mendizale gehiago daude. Baina hormatzar teknikoetan sartzea, muturreko baldintzak jasatea eta zailtasun tekniko handiak gainditzea... bada, hori guztia beste kontu bat da. Horrekin esan nahi dut Karakorumen beste jarduera batzuk egin daitezkeela, eta horietako bat da neguko big-walla. Neguko eskalada asko egin dut; zailak eta baldintza oso gogorretan. Baina uste dut azken honek plus bat duela».