Asier AIESTARAN
PILOTA

Irribarria eta Rezusta erabat nagusitu dira Bilbon

Ez diete inolako aukerarik eman Ezkurdia eta Tolosari eta lehen bi postuen borrokan jarraituko dute.

EZKURDIA-TOLOSA 10

IRRIBARRIA-REZUSTA 22


Irribarriak eta Rezustak seigarren puntua lortu zuten atzo Binakako Txapelketako ligaxkan Ezkurdia eta Tolosari Bilbon 10-22 irabazi ostean. Oso faborito irten ziren hasieratik urdinak, eta pronostikoak ez zuen hutsik egin batere distirarik izan ez zuen neurketa tristean. Guztira galdutako 19 pilota zenbatu genituen eta Bizkaia pilotalekuan izan zen sarrera apalak ez zuen batere lagundu giroa berotzen.

Neurketak utzi zuen gauzarik aipagarriena Iker Irribarriaren eta Beñat Rezustaren sasoi puntu ona izan zen. Aramako aurrelaria eta Bergarako atzelaria fresko dabiltza, pilota graziarekin ateratzen zaie eskutik, eta horrela daudenean oso zaila da edonorentzat haiei aurre egitea.

Hasieratik erabat nagusitu ziren urdinak piloteoan. Joseba Ezkurdia saiatu zen aurreneko tantoetan jokoan asko sartu eta Xabi Tolosari pilota zailak kentzen, baina lana pilatu egin zitzaion arbizuarrari. Aurkarien bi hutsekin 2-1 aurreratu ziren gorriak, baina zortzi tantoko takada batekin 2-9raino egin zuten ihes berehala Irribarriak eta Rezustak.

Partzial horretan deigarria izan zen bikote bakoitzak ateratzen zuen materiala zein desberdina zen ikustea. Urdinen pilotak gorrienak baino askoz biziagoak ziren eta bi pilota segidan errebotean sartu zituzten: 2-4koa Rezustak eta 2-5ekoa Irribarriak.

Lehen atsedenaldi luzera iristean 3-12koa zen emaitza, eta jada emoziorik ez zen izan. Iker Irribarriak galdutako pilota batzuekin –horren eroso jokatzeko gehitxo izan zituen galduak, sei jokoan eta falta bat sakez– eta Joseba Ezkurdiak egindako erremateren batekin –bi tanto bakarrik egin zituen jokoan, aurrenekoa 6-14koan–, ematen zuen markagailua zertxobait itxuratuko zutela gorriek, baina azkenean aldea oso handia izan zen.

Lan asko egin arren, errematean ez zuen asmatu Ezkurdiak, eta Irribarriak airez egindako tanto batekin heldu zen azken 10-22koa, 437 pilotakada eta 56 minutuko neurketari amaiera ipiniz. «Emaitza argia izan da, pilota batzuk galdu dituztelako, baina momentu askotan defentsan aritzea tokatu zaigu. Josebak min egiten zidan sartzen zenean, nahiz eta gero agian ez duen asmatu tantoa amaitzen», aztertu zuen Irribarriak norgehiagoka.

Orokorrean, bere jokoarekin pozik agertu zen Aramakoa –«eskuetatik ongi nabil eta hori asko nabaritzen da nire jokoan»– eta helburu moduan itxura ona ematen jarraitzea jarri zuen: «Ez dut uste aurreneko bietan sartzea helburu bezala ipini behar dugunik. Guretzat garrantzitsuena horrela jokatzen jarraitzea da, serio eta itxura ona emanez, eta amaieran ikusiko da lehen bi postu horietan gauden ala ez».

Ezkurdiak eta Tolosak, aldiz, gero eta zailagoa dute kanporaketa jokatzeko txartela lortzea. Aspekoek ezin izan zioten aurreko asteko garaipenari jarraipena eman eta bi punturekin segituko dute sailkapenaren zuloan. Aurrekoak bi garaipenera dituzte lau partidaren faltan.