GARA
astigarraga

Sagardoetxearen etorkizunerako planari ezetz esan dio Astigarragak

Sagardoetxea museoaren etorkizunari buruzko herri galdeketa egin zuten atzo Astigarragan, eta herritarren gehiengoak erabaki zuen ez babestea Udalak hainbat eragilerekin ondutako proposamena; ez da, beraz, sagardogintzaren museoaren lekua eta jarduna handituko. 713 herritarrek hartu zuten parte galdeketan.

Sagardoetxearen etorkizunari buruz erabakitzeko herri galdeketaren eguna izan zen atzokoa Astigarragan, eta herritarren gehiengoak, 453 botorekin (%63,53), erabaki zuen Udalak udalerriko hainbat eragilerekin batera ondutako proposamena atzera botatzea. 235 pertsonak (%35,48) baiezko botoa eman zuten, eta bostek boto zuria. Guztira, 713 pertsonak hartu zuten parte herri galdeketan, 16 urtetik gorako hautesle erroldaren %12,04k.

«Ados al zaude Sagardoetxearen etorkizunerako proposamenarekin?» izan zen Astigarragako bizilagunek hauteslekuan erantzun behar izan zuten galdera. 09.00etatik 20.00etara izan zuten botoa emateko aukera herritarrek, Erribera Kulturgunean kokatutako galdeketa mahaietan. Aurretiaz bozkatzeko aukera ere izan zuten, urtarrilaren 19tik otsailaren 1era bitartean.

Herri galdeketaren eguna gorabehera aipagarririk gabe igaro zela eta astigartarrek botoa «lasaitasunez» eman ahal izan zutela jakinarazi zuen Udalak ohar baten bidez.

Proposamena

Ondoko puntuek osatzen zuten Astigarragako Udalaren proposamena: Sagardoetxearen proiektu berriak Astigarraga sagardogintzaren eta sagarraren kulturaren erdigunean jarriko du eta herri eta eskualde izaera eta proiekzioa gaindituko ditu; bertako ekonomia, merkataritza eta turismoa sustatuko ditu, eta askotariko bisitariak erakarriko ditu; Sagardoetxearen proiektua landuko da sagardogileekin eta sagarraren sektorearekin, beste administrazio publikoekin, herritarrekin eta eragileekin; egoitza berria Kontxa Etxeberria lorategiaren eta sagastiaren artean kokatuko da, hein handi batean, lurpean; Sagardoetxe berriaren finantzaketan Udalak eta beste administrazioek parte hartuko dute; Sagardoetxe berriaren proiektua estrategikoa da Astigarragarentzat eta herriaren ondarearen balioa nabarmenduko du.

Sagardogintzari eskainitako museoak hamabost urte egin ditu aurten eta «txiki» geratu dela iritzita osatu zuen Udalak Sagardoetxearen etorkizunerako plana. Sei puntuko proposamen hori Astigarragako hainbat eragile eta norbanakok osatutako Hausnarketa Taldeak 2021eko udaberrian egindako hausnarketa prozesuaren ondorioa zen.

Proposamenak, baina, ez zuen herritarren onespena jaso atzo. 20.00etan itxi ziren hauteslekuak, eta, botoen kontaketa amaitu orduko, Astigarragako Udalak konfirmatu zuen ezezkoa gailendu zela.

Udalaren eskarmentua

Ez da Xabier Urdangarin alkateak zuzentzen duen Astigarragako Udalak herritarrek erabakitzeko prozesu bat martxan jartzen duen lehen aldia. Udalak badu eskarmentua: kulturgune berriari izena jartzeko galdeketa egin zuten, animalien ordenantza berrikusteko prozesua jarri zuten martxan, Ergobiko plazan ez aparkatzeko beste prozesu bat, herriko jolastokiak etorkizunean nola berritu erabakitzen ari dira eskolako umeekin eta Gaztelekuko gazteekin, eta jubilatuen elkartean batzordea aldatzeko beste erabakitze prozesu bat egin zuten, adibidez.