GARA
NEGUKO OLINPIAR JOKOAK

Imanol Rojok baikor amaitu du 15 kilometroko proba

Tolosarrak 39. postuan bukatu du iraupen-eskiko estilo klasikoko 15 kilometroko lasterketa eta sasoi onean iritsiko omen da hilaren 19an jokatuko den 50 kilometroko probara; alegia, bere espezialitate nagusikora.

Livo Niskasen finlandiarrak irabazi zuen urrezko domina estilo klasikoko 15 kilometroko lasterketan, 37:54.8 minutuko denborarekin. Imanol Rojo iraupen eskiatzaile tolosarra 39. postuan helmugaratu zen Zhangjiakou-en jokatutako proban eta Estatu espainoleko marka onena ezarri zuen. Orain arte, modalitate horretan Josep Giroren 45. postua zen onena eta gipuzkoarrak ondu egin du marka.

Niskasen finlandiarrarekin batera, Alexander Bolshunov (+23.2) eta Johannes Hoesflot Klaebok osatu dute modalitate honetako podiuma, zilarrezko domina eta brontzezkoa kolkoratuz, hurrenez hurren. Niskansenek bere hirugarren urre olinpikoa irabazi du: Sochin taldekako abiadura-lasterketan nagusitu zen eta Pyeongchangen, 50 kilometroko proban.

Manex Salsamendi Silva nafarrak ere parte hartu du lehiaketa honetan Brasilgo selekzioarekin. Bere lehen Jokoetan parte hartzen ari den 19 urteko eskiatzaileak 90. postuan amaitu du, 50:35.1eko denborarekin txapeldunarengandik 12:40.3 minutura helmugaratuta.

Imanol Rojok «egindakoarekin oso pozik» bukatu zuen, Espainiako Batzorde Olinpikoari adierazi legez. «Sentsazio onak izan ditut 10. kilometroraino, energia amaitu zaidan arte. Uste baino azkarrago hasi naiz, horrek erre egin nau pixka bat, baina onena da fisikoki ondo nagoela eta distantzia luzeetan askoz hobeto noala. Kontuan izan behar da ez dela nire distantziarik gustukoena, baina nire emaitzarik onena da, hala ere», azaldu zuen Basque Team Fundazioko bekadunak.

Imanol Rojo, hain zuzen ere, gustukoen duen 50 kilometroko probara begira jarri da jada; hilaren 19an izango da. «50 kilometrokorako animatzen nau, hori baita benetan helburu nagusia Joko hauetan», onartu zuen tolosarrak. «Gaur nola egon naizen ikusita, ondo egitea espero dut. Hurrengo lasterketarako helburua ondo irtetea da, horri eustea eta gero postuak igotzea proba aurrera joan ahala. Nire helburua 17. postua gainditzea da, baina batez ere 30 kilometrokoan lortutako emaitza hobetzea. Ikusiko dugu nola errekuperatzen naizen eta fisikoki ondo iristen naizen, orain arte bezala», gaineratu zuen.