GARA
OLINPIAR JOKOAK

Imanol Rojok 21. postuan amaitu du 30 kilometrora moztutako lehia

Imanol Rojok 21. postua lortu du Beijingeko Olinpiar Jokoetako bere azken proban. Hasiera batean 50 kilometrokoa izan behar zuen lasterketa 30 kilometrora laburtu zuten haizeteen ondorioz, eta erabaki horrek ez zion mesederik egin tolosarrari, distantzia handietan erosoago sentitzen baita.

«Amorrua eman dit, lau urte neramatzalako karrera prestatzen. Berdin dio 30 edo 50 kilometro egiteak, lasterketan zaudenean berdin dio. Laburtuz gero, ez da haize eta hotz gutxiago egongo. Uste dut 50 kilometro eginez gero postu hobea lortuko nuela», esan zuen Imanolek proba amaitzean.

Rojok ezin izan zuen dominen borrokan ibili zen aurreko taldean sartu. Hamazazpi eskiatzailek ihes egin zuten, eta horien artean faborito nagusiak zeuden: Bolshunov, Holund, Krueger, Manificat edo Dario Cologna, besteak beste. Azkenean, garaipena Bolshunov errusiarrak lortu zuen.

«Oso lasterketa gogorra izan da, hasieratik asko tiratu dute», aipatu zuen egindako lanarekin pozik amaitu zuen Rojok.