Asier AIESTARAN
PILOTA

Erakustaldia, eta finalerdietara

Altuna eta Martija zuzenean sailkatu dira, amezketarrak Eibarren egindako partida bikainari esker: 16 tanto jokoan eginak.

ALTUNA III-MARTIJA 22

LASO-IMAZ 15


Jokin Altuna eta Julen Martija zuzenean sailkatu dira Binakako Txapelketako finalerdietara, atzo Eibarren Unai Laso eta Ander Imazi 22-15 irabazi ostean. Garaipen horri esker, gainera, Aspeko bikoteak lehen postuan amaitu du ligaxka.

Aldiz, emaitza horren ondorioz, Irribarria eta Rezusta hirugarren postura jaitsi dira eta play-offa jokatu beharko dute, ostiral gauean Donostian, seigarren bukatu duten Ezkurdia eta Tolosa Aspeko enpresakideen kontra. Beste kanporaketan, igandean Gasteizen, Baikoko bi bikoteak neurtuko dira: Laso-Imaz eta Peña II.a-Albisu.

Elkarren aurka jokatzen duten bakoitzean gertatu ohi denez, Altuna eta Lasoren arteko norgehiagoka ikusgarria suertatu zen. Erremate bikainak, defentsan meritu handiko esfortzuak, erritmo bizia… Pilotazaleek ondotxo dakite hori eta sekulako giroa izan zen beste behin Eibarko Astelena pilotalekuan.

Hori bai, atzo ere Jokin Altuna irten zen garaile. Amezketarrak sekulako neurketa osatu zuen, hasi eta buka. Jokoan eginak 16 izan zituen, sakez beste bat ere egin zuen eta galdutakoak bi bakarrik. Zenbaki ikaragarriak dira baina, zenbaki hutsetatik harago, egindako jokaldien bikaintasuna aipatu behar da.

Unai Laso ere ez zen atzean gelditu. Nafarrak zazpi izan zituen eginak, askoz gutxiago, baina horiek ere sekulakoak izan ziren, jendea aulkitik altxatzen duten horietakoak. Emozio apur bat falta izan zitzaion neurketari, baina ikusleek asko gozatu zuten.

Gorriek hasieran abantaila hartu zuten, 0-2 galtzen hasi arren. Jokin Altuna berehala hasi zen bere erakustaldiarekin eta 2-3tik 8-3ra igaro ziren sei tanto jarraian eginez. Gantxoak bereziki ongi funtzionatu zion amezketarrari fase horretan.

Baina urdinek ere, lehen bi postuetan sailkatzeko aukerarik izan ez arren, joko bikaina erakutsi zuten eta neurketa berdintzeko gai izan ziren (10-10). Atzean Ander Imaz nagusitu egin zitzaion Martijari une askotan eta Lasok tantoa amaitzeko aukera onak izan zituen.

Emaitza berdindu bai, baina aurretik ez ziren jarri, ordea. Beste gantxo ikusgarri batekin egin zuen Altunak 11-10ekoa eta hortik aurrera berriz zuloa ireki zuten markagailuan. 9-1eko partzial batekin 19-11ra alde egin zuten, partida erabat hautsiz.

Urdinek azken saiakera bat egin zuten, batez ere datorren asteko play-offera zapore txarrarekin ez iristeko, eta hein batean lortu zutela esan liteke. Hiru tanto eginda 19-14ra inguratu ziren, ondoren Lasok txokoan amaitutako tanto eder bat egin zuen 20-15ean, eta 22-15 galdu arren itxura ona eman zuten.

«Oso pozik gaude. Bikote honi irabazteko asko jokatu behar da eta horrelako ligaxka batean lehen postuan amaitzeko ere oso txapelketa ona egin behar da», nabarmendu zuen Altunak.