Iker Ibarluzea
Meteorologoa
AZKEN PUNTUA

Meteofama

Orain aste batzuk «sasimeteorologia» aipatu nuen eta oraingoan hori baina are okerragoa den gai baten inguruan hitz egin nahi dut: «meteofamaz».

Azken aste edo hilabeteetan fama hartu du meteorologia munduan eta, batez ere, sare sozialetan, Jorge Rey izeneko gazteak. Iaz “Filomena” depresioaren etorrera iragarri omen zuen 15 urteko mutikoa da, bere eguraldi iragarpenak egiteko metodo tradizionalak (cabañuelas) erabiltzen dituena. Meteorologiaren mundua gustatzen zaionak bide ezberdinak har ditzake bere iragarpenak egiteko, noski, izan metodo zientifikoen edo tradizionalen bidez. Nik ez dut kritikatuko norbait metodo tradizionalak erabiltzeagatik, nahiz eta ez duen pisu zientifikorik. Hemen norberak nahi duena egin dezake eta aske da horretarako.

Azken asteetan, ordea, Jorgek kudeatutako webguneak eta sare sozialek hainbat gezur jaurti dituzte. Guregan eraginik izan ez duten depresioek eragin zuzena izan dutela esan; elurra maila baxuetara etorriko zela esan, inongo momentuan halakorik ikusten ez zenean; mapetan ageri ez diren depresioak sortu... Hori dena fama irabazteagatik soilik.

Komunikabide hainbatek, gainera, meteorologiaz tutik jakin gabe, iragarpen horiei fama eman diete, meteorologoei eta meteorologiaren munduari kalte handia eraginez. Non geratzen da horrela gure sinesgarritasuna? Neurriak hartzeko garaia iritsi dela iruditzen zait.