Aitziber Pz. Karkamo
Kazetaria
AZKEN PUNTUA

Historia aldatzeko

Azken egunotan, denok politologo orojakileak bagina bezala bete ditugu sare sozialak. Zarataren artean, norbaiti irakurri diot frustrantea dela historia aldatuko den une hau bizitzen ari garenean ezer egin ez ahal izatea.

Gasteizen historia aldatu zeneko 1976ko martxoaren 3ko oroimen-ekitaldiak izanen diren egunean, Nafarroan hiru lan istripu izan direla jaso dute hedabideek. Historia aldatuko omen zuen pandemia baten ostean EAEko osasun sistema publikoko langileek grebara deitzea beste aukerarik izan ez duten egunotan.

Martxoaren 8a gertu denean, orain urtebete Iruñean foruzainek elkarretaratze batean atxilotu zuten emakume batentzat hamabost hilabeteko kartzela- zigorra eskatu dutela gogorarazi behar dugu. Gure herrietan neska gazte askoren historia erabat urratzera datozen bortxaketak jazo diren egun hauetan.

Martxoa urtemugak ospatzeko hilabetea da askorentzat. Martxoak historia aldatu zuen, baina oraindik ere gauza asko egiteke ditugula gogorarazteko garaia ere bada.

Ukrainan legez, asko eta asko dira munduan jazotzen ari diren gatazkak. Historia aldatuko duten gertaeretatik asko dugu ikasteko eta horiek kontatuko dizkigutenen beharra dugu. Ulergaitza da, beraz, zentsuraren eta kazetarien atxiloketen aurrean isilik geratzea, egungo kazetarien lana ezinbestekoa izan baitaiteke biharko historialarientzat.