M. UBIRIA
BAIONA

Yvan Colonna koman dago Arlesko kartzelan eraso larria jasan ostean

Azken bi hamarkada luzeotan espetxean izan den Yvan Colonna militante korsikarra hilzorian zegoen bart, beste preso baten eskutik eraso bortitza pairatu ondoren. Colonnaren abokatuak arratsalde erdian azaldu zuenez, «garuneko heriotza egoeran» dago erietxean. Colonna biziarteko zigorra betetzen ari da Claude Erignac prefetaren hilketa egotzita. 1998an gertaturiko atentatuan parte hartu izana gezurtatu egin du betidanik Cargeseko artzainak.

Yvan Colonna preso korsikarra bizitzaren eta heriotzaren artean zegoen bart, Okzitaniako Arlesko espetxean beste preso baten eskutik eraso bortitza jasan ostean. Erasoa kirol eremuan gertatu zen, preso bat Colonna itotzen saiatu zenean. Erasoaren ondorioz militante korsikarra Marseillako erietxean koma egoeran zegoela baieztatu zuen iluntzean Laurent Gunbau Tarasconeko prokuradoreak.

Afganistanen bi urtez kartzelan izan ostean Ameriketako Estatu Batuek frantses agintarien esku utzitako Franck Elong Abe 36 urteko «muturreko islamista» identifikatu dute erasotzaile bezala. Erasoaren ondorioz 61 urteko Colonna «konorterik gabe, ia pultsurik ez zuela» eraman behar izan zuten erietxera. Bere osasun egoera kritikoa litzateke. Are, hainbat frantses hedabidek, esaterako “Le Parisien” egunkariak, hilda zegoela jakitera eman zuten eguerdian.

Arratsaldeko lehen orduan, ordea, Sylvain Cormier abokatuak mezu bat zabaldu zuen Twitter bidez, Colonna oraindik bizirik zela adierazteko. Presoa erreanimazioan zegoela baieztatu zuen bere eta Stella Canava abokatuaren izenean.

Handik ordu batzuetara, Yvan Colonnaren defentsan aritu den beste abokatu batek, Emmanuel Mercinier-Pantalaccik, Alta Frequenza Corsica hedabideari militantea «garuneko heriotza egoeran» dela azaldu zion. Colonnaren diagnostiko zehatza «anoxia osteko koma egoera» dela adierazi zuen abokatuak.

Justizia ministerioaren agiria

Polizi Judizialak «hilketa saiakeragatik» inkesta zabaldu ondoren, frantses Justizia Ministerioak agiria plazaratu zuen atzo bertan. Jean Castex lehen ministroak eskatuta, Ikuskaritza Orokorrari «bereziki larria izan den erasoaren nondik norakoak guztiz argitzea» eskatu zaiola jakitera eman zuen Ministerioak.

Yvan Colonnak arrisku bereziko presoaren izendapena dauka 2003an kartzelan sartu zutenetik. DPS estatusak finkatzen duen zaintza erregimen zorrotzaren menpe bizi den presoak tamainako erasoa nola jasan ahal izan duen argitu beharko dute, lehenik eta behin, espetxe arduradunek. «Colonna familia lur jota dago», azaldu zuen Cormier abokatuak. Jakin behar da presoak behin baino gehiagotan eskatu duela Borgoko espetxera lekualdatzea. Bere eskaera guztiak atzera bota dituzte.

Galdera bera luzatu zion Stephanie Colonnak frantses presidenteari 2018ko otsailaren 6an, Aiacciun bisitan zela. Emmanuel Macronengana hurbildu zen, karrikan, eta senarra irlara lekualdatzeko aurrez aurre eskatu zion agintariari. Iragan abenduan, Korsikako Asanbleak aho batez eskatu zuen “Erignac auzia” dela eta biziarteko zigorra jaso zuten eta kontinentean jarraitzen duten hiru presoak irlara eramateko: Colona bera, Alain Ferrandi eta Pierre Alexandri.

Colonna 2003an atzeman zuen Poliziak lau urteko ihesaldiari bukaera emanez. 2007an jaso zuen biziarteko kartzela zigorra, eta, 2009an, afera aztertu zuen Dei Auzitegiak 22 urte espetxean igarota baldintzapeko askatasuna eskatzeko aukera finkatu zuen. 2011n kondena berretsi zioten. Finean, 2016an Europako Gorteak bere helegitea bertan behera utzi zuen.